Labriteko ostalariek "elkarrizketarako tartea irekitzeko" eskatu diote Maiari

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 13a, 07:57

Ohar bidez haien "atsekabea" adierazi dute alkateak iragarri zuelako Sanferminetan frontoi ondoko karpak kenduko dituztela.

Labrit kaleko ostalariak “atsekabez” azaldu dira Iruñeko Udalak Sanferminetan jarri ohi duten karpa jartzen ez uzteagatik, nahiz eta festa gune horrek haien aburuz "ekonomia hobetzen duen eta zonaldearen degradazioa saihesten duen".

Bart plazaratutako oharrean elkarrizketa eskaini diote Udalari, inguru horretako bizilagunei ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko neurriak hartzeko, eta aldarrikatu dute “jaiaren erdigune nagusietako bat kalean” izatea “topagune gisa” jarduten duena eta “alde zaharraren erdigunetik kanpo” dagoena.

“Uste dugu espazio hori kentzea ez dela irtenbidea. Beldur gara, ordea, Labriteko karpak kenduz gero, ingurua degradatzeko arriskua izango ote den, karpak jarri aurreko garaian bezala” ohartarazi dute. Labriteko karpak duela 30 urte hasi ziren uztailaren 6tik 14ra jartzen.

Taberna eta dantzalekuetako arduradunek, argudiatu dute jai-gune horri esker, “175 pertsona ingururentzako zuzeneko enplegua” sortzen dela “zerbitzarien, ardogileen, segurtasunaren edo garbiketaren artean” eta “zeharkakoa Nafarroako 200 enpresarentzat baino gehiagorentzat, hainbat arlotan, hala nola karpetan, argiztapenean eta soinuan, edarietan eta elikagaietan, eta Udalari 35.000 euro inguru” ordaintzen dizkiotela tasa gisa.

“Jai-gune hori ezabatuta, kolpe oso garbia ematen zaie pandemian okerren pasatu duten sektoreko establezimenduei” gaineratu dute.

Herritarrek zaratagatik eta zikinkeriagatik egindako kexei dagokienez, azken urteotan hartutako neurriak gogoratzeaz gain, Udalarekin hitz egiteko prest daudela berretsi dute, “kaleko segurtasuna hobetzeko eta are gehiago handitzeko, beharrezkoak diren neurriak ezarriz: kamera gehiago, segurtasuneko eta lankidetzako langile gehiago sarrerak zehazteko eta edukiera kontrolatzeko, eta bizilagunei sor dakizkiekeen eragozpenak minimizatzeko, baita karparen ordutegiak moldatzeko prest azaldu dira ere”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!