Lezkairuko haur eskolako obrak amaitu dituzte

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mai. 11a, 11:58
Argazkia: Iruñeko Udala

Obrak 17 hilabetez egin dira, 3,7 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin. 2022-2023 ikasturtea normaltasunez hasteko aukera izanen dela aurreikusi du Iruñeko Udalak.

Abuztuaren bigarren hamabostalditik aurrera, haur eskola erabilgarri izanen da Lezkairu auzoan. 0 eta 3 urte bitarteko 110 adingabe hartuko ditu zurezko eraikinak. Bi eredu eskainiko dituzte zentroan: euskara, ingelesezko jarduerekin eta gaztelania, ingelesezko jarduerekin. 

Lezkairuko Haur Eskolak 357 eskaera jaso ditu eskaintzen diren 91 plazetarako (gainerako 19 plazak ikastetxe berrira lekualdatzea eskatu duten beste ikastetxe batzuetan matrikulatutako adingabeei esleituta zeuden). Euskarazko ereduan 36 plaza eskaini dira, eta 160 eskaera jaso. Hau da, ehuneko hamarretik ia hiruk eskatu dute euskarazko leku bat. 

Iruñeko Udalak bisita egin du gaur haur eskolara, Enrique Maia Navarra Sumako alkatea buru. Sare sozialen bitartez EH Bilduk gogorarazi dio alkateari, Joseba Asironen alkatetzean abiatu zutela proiektua: "Eskerrak Asironek horrelako proiektuak abiarazi zituen, ezta Maia jauna? Bestela, botiloiaren kanpaina bezalako txapuzak besterik ezingo zenituzke inauguratu". 2020ko aurrekontuetan oposizioko hiru taldeek bultzatutako zuzenketa bati esker sartu zela ere gogorarazi du alderdi soberanistak.

Zurezkoa eta energia kontsumorik gabekoa

Zurezko eraikuntza eta energia-kontsumo ia nulua dira eskolaren ezaugarri nagusiak. Hezkuntzari dagokionez, ikuskera pedagogikoaren inguruan egituratu dituzte barruko plaza baten inguruan eta kanpoko patio eta lorategia. Lanak 17 hilabetez egin dira, 3.771.310 euroko aurrekontuarekin.
Behin haur-eskola eraikitzeko lanak amaituta, ekipamenduaren zatia geratzen da.

Haur-eskolek dagoeneko esleitu dituzte altzariei eta arlo pedagogikoari buruzko loteak, eta, bestetik, ekipamendu informatikoari eta ikus-entzunezkoari buruzkoak. Sukaldea eta erantsitako lokal bat hornituta daude. Garbitegiko zatia, aldagelak eta biltegi batzuk bakarrik falta dira, baita jantokiko eta sukaldeko tresneria ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!