[Argazkia: Iruñeko Udala]
Iruñeko Zabalguneko Zabalsanche auzo elkartea 2019an sortu zen, baina pandemiaren poderioz bere jarduera moteldu egin zen bi urtez. Aurten, martxa hartu dute berriro, eta, historian lehendabizikoz, Zabalgunearen Eguna antolatzea erabaki dute. Datorren larunbatean ospatuko dute, hilaren zazpiarekin.
“Auzo aktibo, solidario, inklusibo eta feminista nahi dugu”
“Zabalguneko Auzo Elkartean Zabalgunea auzo aktibo, solidario, inklusibo eta feminista izan dadin lan egiten dugu. Zabalsanche auzotar guztiei zabalik dagoen erakundea da eta, irekitze horren bila, ekintza positiboak egiten saiatzen gara, elkarbizitzarako eta herritarren partaidetzarako espazioak sortzen joateko”, azaldu du elkarteko kide Maita Aranak Metropoli Forala saioan.
“Zentrora goazela esaten dugu maiz, Alde Zaharrera zein Zabalgunera goazenean. Alde Zaharraren nortasuna oso argi dago, baina Zabalguneak ere badu berea eta hori landu nahi dugu, zentroa ez ezik auzoa ere bada eta”, gaineratu du Aranak.
Ilusioz beteriko eguna
Hori guztiori horrela, Zabalsancheko kideek historian lehendabizikoz Zabalgunearen Eguna ospatzea erabaki dute. “Ilusio handiz prestatu dugu. Denda, ostalaritza eta auzoko pertsona askok lagundu dute egun hau ospatu ahal izateko”, azaldu du Aranak.
Ospakizunak berezitasun bat izanen du: iruindarrentzat guztiz ezezaguna den Zabalguneko pilotalekua, Agoitz karrikako Zabalgune Pilota Plaza (izen horrekin aurki daiteke Google Maps-en), berpiztu nahi dute, eta horretarako goi mailako pilotari bat gonbidatu dute: Maite Ruiz de Larramendi.
Egitarauan, pilota nagusi
Doinuzar gaita jotzaileak 10:00etan aterako dira Gurutze Plazatik eta auzoko hainbat kale zeharkatuko dituzte Zabalgune Pilotaplaza pilotalekura iritsi aurretik.
Agoitz karrikako 7-9 zenbakietan dagoen frontoian, auzoko eguneko ekitaldi nagusia eginen dute.
11:00etan, emakumezko esku pilota erakustaldia izanen da Ados Pilotaren eskutik. Ados emakumezkoen lehen esku pilota elkarte profesionala da. Adosko neskatoak hasiko dira, eta bigarren partidan lau profesional izanen dira; besteak beste, Maite Ruiz de Larramendi txapeldun handia. Ruiz de Larramendi Ados elkarteko lehendakaria da, eta ibilbide profesional luze eta oparoa dauka. .
Erakustaldia bukaturik, kalejiran joanen dira Iruña Taldearen fanfarrearekin, festa Aralar karrikan amaitzeko.