Gerren aitzinean intsumisioa aldarrikatu dute ehunka lagunek Iruñean

Euskalerria Irratia 2022ko api. 11a, 11:48

Gerren aitzinean desertzioa eta intsumisioa aldarrikatu zituzten ehunka lagunek (1.000, antolatzaileen arabera), larunbat arratsaldean Iruñeko karriketan zehar egindako manifestazioan.

Protesta 18:00etan abiatu zen Gazteluko plazatik, eta ordu bete geroago Intsumisioaren parkean amaitu zen, hau da, bere garaian intsumisoak preso izan zituen San Roke karrikako espetxe zaharreko orubean. Protestaren buruan, Intsumisioa gerrei zioen pankarta handia. Hari eusten, hainbat militarista ezagun, horietako zenbait bere garaian MOC-KEM, Kakitzat eta AFOINA taldeetan ibilitakoak.

Amaiera ekitaldian, Aitor Balbas intsumisoak eta Argiñe Salanueva mugimendu antimilitaristako kideak manifestu bat irakurri zuten. Inbasio errusiarra bertan behera uzteko exijitu zuten, eta Ukrainako gutxiengo guztiekiko errespetua eskatu zuten, baita NATOko herrialdeek Ukrainara armak eta soldaduak bidaltzeari utz diezaiotela ere.

Halaber, Espainiako Gobernuak zein Europako Batasunak alde bateko zein besteko desertoreei asiloa eman diezaietela exijitu zuten, eta sostengua adierazi zieten Ukrainako eta Errusiako antmilitarista eta bakezaleei.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!