MARTXOAK 8

‘Nafarroako ostalaritzaren historia, emakumeek kontatua’ erakusketa mustu du Udalak

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 7a, 17:42

Argazkiak eta testigantzak biltzen dituen "omenaldia" da eta Kondestable jauregian dago ikusgai.

Gaur mustu du Iruñeko Udalak 20 estudio-irudik eta herritarrek ateratako 40 argazkik osatzen duten erakusketa, Kondestablen jauregian dago ikusgai, ‘Nafarroako ostalaritzaren historia, emakumeek kontatua’ izenburupean. Udalak ohar bidez jakinarazi du "argazkiek 22 eta 75 urte bitarteko 25 emakume ostalariren eguneroko bizitza islatzen" dutela. Euren lantokian daude erretrataturik agertzen diren emakumeak, jardunean euren negozioetan: mendiko benta bat, gaueko aisialdi-taberna bat... Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikien Elkarteak (ANAPEH) proposatutako ekimena izan da eta apirilaren 19ra bitarte egonen da ikusgai.

Martxoaren 8aren ospakizunen barruan bildu dute erakusketa, eta "ostalaritzan bizitza eman duten emakume guztiei omenaldia egin" nahi izan die hiriburuko agintaritzak.

Irudiek argi adierazi nahi dute "emakumeak ere ostalaritzaren historiaren parte direla, maila guztietan", ikustaraziz rol anitzetan parte hartzen dutela: establezimenduen kudeaketan, garbiketa-lanetan, negozioen jabetzan eta suen maneiuan. Modu honetan "askotan gizonezkoen irudiek ikusezin bihurtu dituzten lanetan" emakumeak aritzen direla nabarmendu nahi dute. "Gerenteak, sommelierrak, zerbitzariak, sukaldariak edo jabeak ziren edo diren arren, “Nagusia al dago?” galderari aurre egiten jarraitzen dute" emakumeek, salatu dute ANAPEHko kideek gaurkoan. Emakume hauenargazkiekin batera haien testigantzak, istorioak eta lanean izandako bizipenak jarri dituzte, "sektore horretan aritzen diren emakume guztiei omenaldia egin nahian".

Erakusketa apirilaren 19ra bitarte izanen da ikusgai Kondestablearen jauregiko patioan, astelehenetik larunbatera, 08:00etatik 22:00etara, eta igandeetan, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara. Esan bezala Nafarroako luze eta zabalean ateratako argazkiak dira Arguedasetik, Belaguatik, Leitzatik eta Larragatik. Hori dela eta erakusketa ibiltaria eginen dute hiriburuko zikloa amaituta.

PROTAGONISTAK

  • Ana María Gabás Martínez, 55 urte; Nerea Urzainki Gabás, 28 urte eta Idoia Urzainki Gabás, 22 urte.  Juan Pito benta. Izaba, Belaguako mendatea.
  • Arantxa Galarza Lecea, 49 urte. Bodegón Sarría. Iruña.
  • Beatriz Huarte Cruz, 50 urte. ANAPEHko idazkari nagusia. Iruña.
  • Beatriz Zabaleta Cestau, 75 urte. Beatriz Enea jatetxea. Leitza.
  • Belén Martínez Rupérez, 62 urte. Feel the Music garagardotegia. Antsoain.
  • Belen Urrutia Hualde, 51 urte. Elbeteko Posada. Elbete
  • Consuelo Urmeneta Resa, 54 urte. Camino de Las Bardenas Landa Hotela eta Dezerto Bardenas ostatuak / Bardeetako bidea. Arguedas.
  • Diana Díez Perea, 35 urte. Baluarteko Terraza, Catering Cock. Iruña.
  • Eva Gómez Ullate del Pozo, 57 urte. Nicolette taberna. Iruña.
  • Iratxe Garro Nekotxea, 47 urte, eta Gema Garro Nekotxea, 41 urte. Aiñari Lojan, Urzainki.
  • Maite Fernández Santacruz, 60 urte, eta Clara Fernández Santacruz, 68 urte. El Temple ostatua. Iruña
  • Idoia Etxeberria Irigoien. 48 urte. Beintzako Orbela aterpea. Beintza-Labaien.
  • Mª Ángeles Ezquer Aznárez. 57 urte. Katalin Garde landetxea. Izaba.
  • María Ángeles Rodríguez Reta, 61 urte. ANAPEHko lehendakaria. El Castillo hotela. Larraga.
  • María Jesús Ayestarán Oquiñena. 52 urte. Ayestarán hotela, Lekunberri.
  • Maritxu Erbiti Beloki, 55 urte. Etxalekuko Herriko Ostatua
  • Mirentxu Goienetxe Irigoien, 50 urte. Tresanea Turismo Apartamentuak. Ituren.
  • Rosa Galán Calero, 49 urte. Chez Belagua. Iruña.
  • Stephanie Mutsaerts Hermans, 53 urte. Northern Spain Travel. Iruña.
  • Lorea Luzuriaga Badiola, 48 urte, eta Haizea Luzuriaga Badiola, 43 urte. Donamariako Benta. Donamaria.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!