INDARKERIA MATXISTA

Tuterako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea eginen dute 20:00etan, Iruñean

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 12a, 10:53
2020an, indarkeria matxistaren aurkako egunean, Iruñean egindako protesta.
  • Hildako emakumearen senarraren atxiloketaren berri izan, eta berehalakoa izan da herritarren erantzuna. Amorruz hartu zituzten atzo kaleak Cortes eta Tuterako herritarrek.
  • Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta, Udaletxe plazan izanen da Iruñeko protesta. 
  • Tuteran eta Cortesen udalek hiru eguneko dolua agindu dute.

Ezohiko batzarra egin dute Erriberako hiriburuan, gaur goizean. Aho batez gaitzetsi du Tuterako udalbatzak hilketa. Eguerdian elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean, eta arratsaldean foruen plazan eginen dute. Erriberako M8 plataformak antolatuta, ehunka lagun bildu ziren atzo ere Tuterako Foruen plazan. Hiru eguneko dolua agindu dute. Baita Cortesen ere. Cortesko Udalak ezohiko batzarra atzo arratsaldean egin zuen. 

Gaur, beste herri batzuetan ere deitu dituzte hilketa gaitzesteko elkarretaratzeak. Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta, Iruñean, 20:00etan eginen dute protesta, Udaletxe plazan. 

Astelehen goizean aurkitu zuten 38 urteko emakumearen gorpua Foruzaingoak eta suhiltzaileek Tuteran. Senarra da susmagarri nagusia. 41 urte ditu, eta atzo atxilotu zuten Bordeletik gertuko Okzitaniako herri batean. Urtarrilaren 8tik 9ra bitartean, larunbatetik iganderako gauean, "hainbat labankadaz" eraso egin ziolakoan atxilotu dute. Tuterako emakumearen aurkako indarkerian espezializatutako organoak du auzia bere gain. Emakumearen aurkako indarkeriatzat hartu zuen atzo jazoera Nafarroako Gobernuak.

2022an Nafarroan hil duten lehenengo emakumea da Sara Pina. Egiturazko indarkeria da emakumeen aurkakoa. 2003. urtetik, 20 dira eraildakoak, Nafarroan.

016

Biktima izan direnen emakumeentzako arreta zerbitzuko telefonoa

Fakturan ez du arrastorik uzten, baina telefonoaren dei erregistroetatik ezabatu behar da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!