Sabino Cuadra: "Eskandalagarria da Espainiako Memoria Demokratikoaren legearen inguruko dena"

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 25a, 10:22

(Des)memoria demokratikoak jardunaldia egiten ari da Iruñean Sanferminak78 Gogoan plataforma, Memoria Demokratikoaren Lege proiektuaren inguruan. Taldeko kide Sabino Cuadrarekin hitz egin dugu Metropoli Foralean.

Azken atzerapena "adar jotze galanta" dela uste du. Espainiako Gobernuak testua izozkailuan sartzea erabaki du, beste promesa batzuk lehenesteko, hala nola pentsioak edo lan-erreforma. Edukiari erreparatuz ere, hainbat dira kritikak: Amnistiaren Legea bertan behera ez uztea, frankismoaren krimenak gizateriaren aurkakoak direla ez esatea eta frankismoak eragindako kalteari ordaina ez ezartzea. "Prozedimendua luzatzen ari dira etengabe. Noizko egia? Noizko justizia? Noizko erreparazioa?", horiek dira galderak.

Asteartean hasi ziren Sanfermiak78 Gogoan taldeak antolaturiko jardunaldiak, eta bihar eginen dute azken ekitaldia. Galiziako, Valentziako eta Madrilgo esperientziak bilduko dituzte mahai inguru batean, Plazaran, 19:00etan. 

Kartela, Navarra Sumaren jo puntu

Polemika piztu da jardunaldiak iragartzeko kartelaren inguruan. Espainiako errege Felipe VI.a umetan Franco diktadorea agurtzen ageri da, bere aita emerituarekin batera. Navarra Sumak iraingarritzat jo du, eta adierazi du onartezina dela Nafarroako Gobernuak horrelako jardunaldi batzuen alde egitea. Argazkia egiazkoa dela ekarri du gogora Cuadrak: "Ez daude kasualitatez argazki berdinean, kabi berekoak direlako baizik". 

Polemika "kezko gortina" bat dela uste du baina Cuadrak, Iñaki Iriartek estatu indarkeriaren biktimei barkamena eskatu eta autokritika egin duen honetan: "Esparzari sei aldiz galdetu diote, eta sei aldiz mutu geratu da. Gure kartelaren salaketa alderdi honen isiltasun erreduna estaltzeko azaldu da".

Argazkia: Txalaparta argitaletxea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!