Koldo Martinez: "Kontzientzia eragozpen eta eutanasia eskubideak uztartzeko irtenbideak bilatu behar ditugu"

Lohizune Amatria Zabalza 2021ko aza. 23a, 09:52

Bizitzaren amaierari ekiteko erabakiak hartzea hizpide izanen dituzte gaur Iruñeko Baluarten. Osasun Departamentuak adituekin jardunaldia antolatu du. Horietako bat da Koldo Martinez Oinarrizko bioetika eta klinika elkarteko presidente ohia eta Nafarroako senataria. 

Nafarroako Heriotza Duinaren Behatokiaren pandemiaren aurreko azken txostenen arabera, Nafarroako biztanleak bizitzaren amaieran dituzten zainketei buruz pertsonalki erabakitzearen aldekoak dira: oro har, etxean hil nahi dute, zainketa aringarriak jaso, aurretiazko borondateen agiria egin eta laguntza espirituala eskatu.

Gainera, txostenek ondorioztatzen dute moralki onargarritzat jotzen dela eutanasia eta suizidio lagundua eskatzea eta legeztatzea. Baina txostenak dio %58k baino ez dakiela aurretiazko borondateak egiteko aukera duela. 

Testuinguru horretan, herritarrei eta osasun-arloko profesionalei erabakiak modu partekatuan planifikatzeko beharrari buruzko prestakuntza eta informazioa emateko beharra sortzen da. 

11:30ean eskainiko du hitzaldia Koldo Martinezek, eta eutanasiaren marko juridiko berria, Espainian izanen du hizpide. 

3/2021 Lege Organikoa, Eutanasia Arautzekoa, tresna bat gehiago da bizitzaren amaierari buruz hartu beharreko erabakien esparruan, honako hauekin batera: 17/2010 Foru Legea, azaroaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitatean pertsonek osasunaren arloan dituzten eskubide eta betebeharrei buruzkoa, eta 8/2011 Foru Legea, martxoaren 24koa, pertsonen duintasunaren eskubide eta bermeei buruzkoa.

Jardunaldian bizitzaren amaierako esparru honetan estatuan esperientzia etiko eta juridiko handia duten hizlariek parte hartuko dute. Hala, goizean herritarrei irekitako saioan, Nuria Terribas legelari eta etizistak (bioetikan aditua; UVic ‐ UCCko Bioetika Katedrako eta Fundació Víctor Grífols i Lucaseko zuzendaria; Kataluniako Bioetika Batzordeko presidenteordea; eta Kataluniako eutanasia emateko berme- eta ebaluazio-batzordeko kidea) hitzaldia emango du. Santos Indurain Osasun kontseilariak irekiko du goizeko saioa, eta Juan Luis Beltran Gardentasun Kontseiluko presidente eta Nafarroan hiltzeko laguntza bermatzeko eta ebaluatzeko batzordeko kideak gidatuko du.

Arratsaldean, profesionalei zuzendutako saioan, erabakiak hartzeko asistentzia-alderdiak landuko dira. Horretarako, Cristina Lasmarias erizainak (Institut Catalá d 'Oncologiako Aurretiazko Erabakiak planifikatzeko arduraduna) eta Iñaki Saralegui mediku intensibistak (Osakidetzako Aurretiazko Borondateen proiektuaren koordinatzailea) Aurretiazko Borondateen Dokumentuaren esparruko erabakien plangintza partekatuari eta aurreratuari eta profesionalen eta pazienteen arteko komunikazio-prozesuari helduko diete.

Jardunaldia amaitzeko, Eutanasiaren Legea aplikatzeko gai praktikoak planteatuko dira, Katalunian eutanasiarekin gauzatutako prozeduraren barruan. Bertan, Nuria Terribas eta Victoria Vivanco familiako medikuak (Zainketa aringarrietako espezialista) hartuko dute parte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!