Hiriko teilatu-lauak "landarez estaltzea" erabaki du Iruñeak

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 3a, 15:21

Ekimena asteazken honetan egindako Hirigintza Batzordean eztabaidatu dute, EH Bilduk aurkeztutako proposamen baten ondoren. Aurrera atera da PSNren eta Geroa Bairen aldeko botoekin, eta Navarra Suma abstenitu egin da.

Lorategidun teilatuak eta zuhaitzak eraikinetako teilatu-lauetan. Proiektu pilotu hori abian jarri nahi du Iruñeko Udalaren gehiengoak, klima-aldaketaren aurkako eta energia-eraginkortasunaren aldeko estrategian aurrera egiteko helburuz.

Hiriburuko Hirigintza Batzordean eztabaidatu dute EH Bilduk aurkeztutako mozioa eta honek aurrera egin du oposizioko hiru taldeen aldeeko botoekin. Izan ere PSNk eta Geroa Baik bat egin dute abertzaleen koalizioaren proposamenarekin. 

Onartutako testuak bi puntu ditu. Lehenengoan, gobernu-taldeari eskatu diote "azter dezala hiriko eraikin publikoren baten egungo estalkia landare-estalki bihurtzeko aukera, proiektu pilotu gisa", eta "ahal dela, hiria birnaturalizatzeko plan batean barnebilduta".

Bigarren puntuak eskatzen du "Hiriko titulartasun pribatuko eraikinetan landare-estalkiak instalatzeko laguntza-programa bat sortzea" aztertzeko.

EH Bilduko zinegotzi den Borja Izaguirrek aurkeztu du ekimena, eta lorategi-estalkiak Europako hiriburu askotan ohikoak direla gogorarazi du.

Abantailen artean, honako hauek zerrendatu ditu: eraikinaren kudeaketa energetikoa hobetzea, hiriko landare-espazioen azalera handitzea, airearen kalitatea hobetzea partikulak atxikiz eta kutsadura akustikoa murriztea. Gaineratu du "hiriaren bero uhartea" delakoa leuntzen lagunduko luketela halako ekimenek. 

Hiri askotan ohikoa da teilatu eta terrazetan lorategiak eta zuhaiztiak jartzea. Berdegune natural bat eskaintzen duten sistema artifiziala dute oinarri. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!