Espainiako estatuan ez dago autore zuzenik inputaturik edota zigorturik gomazko pilotak erabiltzeagatik. Ondorio hori jaso dute Stop Balas de Goma txosteneko egileek. Iridia Giza Eskubideen Defentsarako Zentroko eta Novact Indarkeriaren aurkako Ekintzarako Nazioarteko Institutuko kideak Nafarroako Parlamentuan izan dira testuan bildutakoaren berri ematen.
Arma kontrolaezinak direlako eskatzen ari dira haien debekatzea. “Ezin da aurreikusi non amaituko duen pilotak, eta, protokoloak jarraituz gero lurrean bote eginez jaurtiz gero, are aurreikus-gaitzagoa da”, azaldu dute. Gauza erraza da egin beharreko haien iritziz: “Estatuko segurtasun indarrak modernizatu behar dira horiek debekatuz, arma hauek ez dituzte betetzen eta indarraren erabileraren estandarrak”.
Nafarroan 2016an utzi zion Foruzaingoak balazko gomak erabiltzeari. Aurreko legegintzaldian, Mª José Beaumont Presidentetza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako kontseilariak, “hain kaltegarriak ez diren istiluen aurkako beste material batzuengatik”, foam jaurtigailuengatik, ordezkatu zituen. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak, ordea, erabiltzen ditu.
Balazko gomak oso arriskutsuak direla erakusteko, azken hogei urteetako adibide zenbait agertu dituzte txostengileek. Aingeru Zudaire da zaurituetako bat. 2012an begia galdu zuen, poliziak jaurtitako pilotakada baten ondorioz. Duela 5 urte Zudairek bere kasua epaitegietara eramatea lortu zuen. Bertan, ez zuten inor zigortu, probarik ez zegoela argudiatuta. Nolanahi ere, epaiak dio eraso hori benetan gertatu zela.
Espainiako gobernuari sarritan eskatu zaio gomazko pilotak erretira ditzan, eta orain, Nafarroako Parlamentuaren babesa eskatu dute Barne Ministerioak atzera egin dezan. Txotena parlamentuan aurkeztu ondoren, gaur arratsaldean Kale Nagusiko Plazara gunean izanen dira egileak, 18:00etan.
"Hartu beharreko arriskua", Navarra Sumarentzat
Eztabaida interesgarria dela aitortu dute talde guztiek. Baina bide desberdinak hautatu dituzte gaiari heltzeko. Navarra Sumako Jose Suarezek, esaterako, berehala ekarri du batzordera ETA erakundea. Estatuaren indarkeria, erakundearen indarkeria gutxitu den heinean, murriztu dela ziurtatu du. Indarraren erabileraren kontrola egin behar du poliziak, protokoloak hobetuz, haren aburuz; baina “gure gain hartu beharreko arriskua” dela du. Poliziak indarkeriaz egiten duen erabilera, “zilegitasunik ez duten indarkeriarekin” alderatu du: “Kontraesankorra iruditzen zait indarkeria gaitzesten ez duenak hori eskatzea”.
PSNk uste du poliziak baliabideak behar dituela segurtasuna bermatu ahal izateko, baina horiek legearen arabera erabili behar direla zehaztu du. Espainiako Gobernuari eskaria luzatzeko barne ministerioaren argudiategia ezagutu nahiko luke Inma Jurio parlamentariak.
EH Bilduren eskariz izan dira txostengileak eta Zudaire parlamentuan. Kaltetuentzako erreparazio instituzionala eskatu du Arantxa Izurdiaga parlamentariak. Halakorik berriz errepikatu ez dadin bermatzeko, alderdi independentistak uste du, debekua dela neurri eraginkorrena eta polizia ereduaren eztabaida dago erdigunean, haren aburuz.
Geroa Baik eta Ahal Duguk bide beretik jo dute, eta txostenean jasotakoak aintzat hartuko dituztela ziurtatu dute Blanca Regulezek eta Ainhoa Aznarezek.