Txantrean eremu urdinaren aurkako manifestazioa egingo dute asteazkenean

Euskalerria Irratia 2021ko abu. 16a, 10:55
Txantreako hainbat bizilagun, prentsaurreko bat eskaintzen, uztailean.

Txantreako auzotarrek 4.300 sinadura aurkeztu dizkiote udalari, arartekoarengana jo dute, eta asteazkenean manifestazioa egingo dute. 20:00etan irtengo da, Sabicas plazatik.

Txantrea auzoak gune urdinaren aurka mobilizatzen jarraitzen du. Auzoko hainbat kolektibotako ordezkariek udalaren erabakiaren aurkako 4.300 sinadura bildu dituzte; arartekoarengana jo dute, eta asteazken honetan, manifestazioa egingo dute.

Udak dakarren lasaitasuna aprobetxatuz, Navarra Sumak azeleragailua zapaldu du, Txantreako gune urdina lehenbailehen martxan izateko. Marrak margotuta daude dagoeneko, eta, printzipioz, herritarrek irailaren 1ean hasi beharko dute ordaintzen.

Auzotar gehienak haserre daude, Txantreako gune urdinaren beharra ikusten ez dutelako, eta inposaketa bat dela uste dutelako. Trabak baino ez dituela ekarriko diote. 

Erabakia gaitzesteko, duela hilabete batzuk auzo plataforma bat sortu zuten, TX auzo ekimena, eta egitasmo eta mobilizazio ugari bultzatzen ari dira. 4.300 sinadura aurkeztu dizkiote Udalari, parte-hartze prozesu bat eskatzeko, baina ez dute erantzunik jaso. Halaber, arartekoarengana jo dute, Mayaren taldeak eta baita PSNk ere euren ahotsa entzun dezaten, baina hori ere ez dute lortu.

Horiek horrela, manifestazioa iragarri dute asteazken honetarako, baita jendetsua izango dela ziurtatu ere. 20:00etan irtengo da, Sabicas plazatik, egin dituzten beste batzuk bezala.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!