Iruñeko Udalak berriz ere deitu du Egile Berriendako euskarazko literatura-lehiaketa poesia eta narrazio modalitateetan. Lehiaketak hiru sari banatzen ditu modalitateko, 2.500, 1.000 eta 500 eurokoak. Gainera, epaimahaiak 250 euroko lau aipamen eman ahalko ditu, lanak zein modalitatetan aurkeztu diren kontuan hartu gabe. Udalak sariak argitara emanez gero, horiek gainontzeko saridunekin batera agertuko dira. Udal-ekimen honen xedea da literatura-sormena sustatzea euskaraz eta aurrez idatzi ez duten pertsonak idaztera animatzea.
Lanak aurkezten ahalko dira behin oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren. Bigarren urtez, lehiaketa honetarako lanak online aurkez daitezke, www.irunakulturada.eus helbidean. Webgunea irekiko da NAOn argitaratzen den egunean.
Horrela, lehiaketa XXXI. ediziora iritsi da eta, 2020an bezala, Bertso-paperen modalitateak Iruñeko II. Bertsopaper-lehiaketa eratu du, Iruñeko Udalak Nafarroako Bertsozaleen Elkartearekin antolatutakoa.
Aurkeztutako lanek gai librea izanen dute, euskaraz idatziak izan behar dute, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Jatorriz nafarrak diren zein bertan bizi direnek hartzen ahalko dute parte. Egile bakoitzak lan bakar bat aurkezten ahalko du modalitate bakoitzean. Poesiaren kasuan, lanek 200 bertso izan beharko dituzte gutxienez, eta narrazioan, gutxienez 15 orrialde.
Bere izenpean, bakarka, literatur liburu bat baino gehiago argitaratu duten egileek ezin izanen dute lanik aurkeztu. Ez dira muga horren barnean sartuko aldizkarietan, kazetaritza-komunikabideetan edo izaera kolektiboko argitalpenetan argitaratutako parte-hartzeak edo kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere. Lehiaketa honetako aurreko bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ezin izanen dute berriro parte hartu modalitate horretan.