Sarek hainbatetan aldarrikatu du Espainiako espetxeetan preso dauden euskal presoak gerturatzeko prozesuan egiten ari diren urratsak "garrantzitsuak" direla, baina "ez nahikoak": prozesua "burutu" egin behar dela; bai eta "salbuespenezko espetxe politikarekin bukatu" ere. Eta, hain zuzen ere, aldarrikapen horiek berak eramango dituzte kalera oraingoan.
Gogoratu dute 1987an hasi zela sakabanatzeko prozesua, eta ia 35 urtez eskubide urraketak pairatu dituztela presoek, eta zigor erantsia euren senideek.
Hiru hamarkada baino gehiago pasatu behar izan dira, beraz, beste egora batez hitz egin ahal izateko, eta hori pertsona askoren ahaleginari esker lortu da, Sareren hitzetan. Baina Sarek argi du preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan izan arte ez dela "bizikidetza normalizatuko".
Izan ere, gaur egun badira gaixotasun larriak eta 70 urte baino gehiago ditzuten hainbat preso; espetxeratutakoen herenek baino gehiagok beteta dituzte zigorren hiru laurdenak; eta, irizpide arruntak aplikatu izanez gero, %90ek bigarren graduak ematen dituen baimenak izateko aukera izango zuketen, besteak beste.
Horregatik, etxerako bidean jartzea izango da Sareren estrategia berria aurrera begira. Baina jendartearen aktibazioa garrantzitsua dela jakinda, udan hainbat ekintza antolatuko dituzte, eta lehen mugarria uztailaren 3ko mobilizazioa izango da. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da, eta Ziudadelanko harresia inguratuko du.