Prebentzio komunitarioko taldeen inguruko dokumental bat sortu dute

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 8a, 10:20

Iruñeko Udalak iaz bertan behera utzitako prebentzio komunitarioko taldeetako kideek dokumental bat grabatu dute: Galerna. Zerbitzuaren eredu aldaketa eta kaleratzeak zalantzan jartzen ditu, eta auzoa eraikitzen jarraitzen dutela erakusten du. Ostegunean estreinatuko dute. 

Zazpi hilabete igaro dira, Navarra Sumak eta PSNk, inolako negoziaziorik gabe, ekintza komunitarioko zerbitzuak suntsitu zituztenetik, elkarteen kontratuak bertan behera utziz eta Coworkids programa sortuz.

Pairatu zuten guztia, bizi izan zuten ekaitza, ahanzturan geldi ez dadin, haur eta nerabeen elkarteek Galerna izeneko dokumentala grabatu dute, ostegun honetan bertan estreinatuko dena, Golem Baiona zinema aretoetan; eta 25 urteko lana egun batetik bestera suntsitu zuen ekaitza berpiztuko duena.

Filmaren protagonistak haur eta nerabeen zortzi kolektiboetako batekin loturaren bat duten pertsona guztiak dira: Mendillorriko Bidebreri, Rotxapeako Batean, Txantreako SiñarZubi, Aldezar, Arrosadia-Azpilagañako Yoar, sanduzelaiko Buztintureando Txuri eta Sanduzelaiko Umetxea.

Obra honek ahotsa eman nahi die familiei, hezitzaileei, haurrei, eta haurtzaroko eta familiako profesional eta teknikariei, besteak beste; eta Miriam Arregi Iruñeko Udaleko Haurren Programaren arduradunaren testigantza ere jaso dute dokumentalean, zerbitzuaren aldaketaren ondoren dimititu egin zuena.  Beatriz Cruzek ekoitzi du lana.

Dokumentalaren helburua hirukoitza da: gertatutako guztia protagonistengandik bertatik ezagutaraztea, beren kudeaketa eredua defendatzea, eta argi uztea jardunean jarraitzen dutela kontratuak eten arren. Beren burua berrasmatu behar izan dute, baina lanean jarraitzen dute.

Galerna filmak 30 minutuko iraupena du, eta Golemetatik igaro ondoren, Iruñeko auzo guztietatik bira egingo dute.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!