Castillo de Javier hotelaren auzian zigorgabetasun zantzuak salatu ditu LABek

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 28a, 12:47

Juan Carlos Cipres Aznarren aurkako epaian biktimaren generoa eta etorkin izaera aintzat hartu ez izanak "eskrupulurik gabeko esplotatzaileek darabilten inpunitatea" agerian geratzen dela salatu du sindikatuak.

Duela astebete atera zuen Nafarroako Probintzia Auzitegiak epai irmoa Juan Carlos Cipres Aznarren aurka, Iruñeko San Nikolas karrikako Castillo de Javier hotelaren jabearen aurka, bulgariar jatorriko langile migratu batek jarritako salaketa penalaren ondoren. Juan Carlos Cipresek bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra jaso du, langileen eskubideen aurkako delituagatik, eta 3.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio langileari, sei urteko esplotazio jarraituan langileari sorturiko kalte moralengatik. LABen ustez halako kalte-ordain "irrigarria" ezarri izanak eta epaian biktimaren generoa eta etorkin izaera aintzat hartu ez izanak erakusten dute bizi-bizirik dagoela "eskrupulurik gabeko esplotatzaile hauek darabilten inpunitatea".

LAB sindikatuak beharrezkotzat jotzen du azpimarratzea sistema judiziala eta enpresaburuak eskutik hartuta dabiltzala, lotura estua dutela, eta Nafarroako Justizia Jauregitik ateratzen diren gauza bakarrak sistema arrazista, heteropatriarkal eta kapitalistari leial zaizkion sententziak direla, behin eta berriz ukatzen ari baitira gizon zuri boteretsuengandik emakume langile askok jasotzen duten zapalkuntza hirukoitza.

Orain ezagutu den epaiaren salaketa ez zen izan Castillo de Javier hotelaren aurka jarritako bakarra. Peparen lankide bat izan zen Lan Ikuskaritzan salaketa jarri zuen lehena, lanean ari zen baldintzak salatzeko; izan ere, Pepa migratu berria zenez, ez zen gai salaketa gaztelaniaz egiteko. Lankide horrek berak animatu zuen Pepa LAB sindikatura hurbiltzera, hurrengo ekintza judizialetan laguntzeko eta aholkuak emateko. "Sindikatu honek hainbat salaketa jarri zituen Lan arloko Epaitegian, kopuruak erreklamatzeko eta lan-jatorriko kontingentzia bat eskatzeko. Gainera, 2008 eta 2015 bitartean jasan zuena bide penaletik salatzeko aholkuak eman zizkion. Eta, azkenik, LAB sindikatuak ere ekintza sindikala erabili zuen, pikete feministaren protesta baten bidez, 2017. urteko abenduan", azaldu dute.

Aipatzekoa da bai Lan Ikuskaritzak eta bai Lan arloko Epaitegiak zegozkien salaketak tramitatu zituztela eta Juan Carlos Cipres zigortu zutela bere garaian, nahiz eta ezarritako zehapenen zenbatekoek ez zieten justiziarik egin salatutako gertaerei. "Orduantxe, bertze behin ere egiaztatu zen Juan Carlos Cipres bezalako esplotatzaile bati merkeago ateratzen zaiola esplotatzen jarraitzea gauzak behar bezala egitea baino".

"Jendea nahieran esplotatu ahal izateko Cipresek langileak patroi jakin baten arabera kontratatzen zituen: emakumea, kanpotarra, bere inguruan inor ez zuena eta/edo bere kargura pertsonaren bat zeukana, eta hizkuntza guztiz menderatzen ez duena (kasu honetan gaztelania)", salatu dute. "Horrek guztiak are zaurgarriagoa egiten du langilea, eta are gehiago enpresa txiki batean, non oso erraza baita botere-harremanak ezartzea, ez baitute ordezkaritza sindikalaren babes legala".

Epaiketan "bota diren gezurrak eta testigantza faltsuak" jasan behar izan dituela salatu dute, eta nola sententziak ez dituen larrigarritzat hartu ez generoa eta ez etorkin izaera." Hori dela eta, Pepak gaur egun ondorio psikiko eta fisikoak ditu, (in)justizia-sistema honek inondik inora onartzen ez dituenak", argitu dute.

"Zorionez, nabarmentzekoak dira Peparen lankide izan zirenen elkartasuna, ahalduntzea eta borroka —emakume migratuak denak—; izan ere, haien kontakizunak eta laguntza funtsezkoak izan dira esplotatzaile hau agerian uzteko eta Pepa jasaten ari zen bakartzea hausteko. Azpimarratzekoak dira, halaber, egoera horren aurrean hainbat erakundek eta auzo mugimenduk emandako erantzunak", iritzio dio sindikatuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!