Mikel Antzak 'Arroz urez' izeneko liburua aurkeztu du

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 2a, 10:00
Mikel Antza, eta haren liburu berriaren azala. (@txalapartatik)

Txalaparta argitaletxearekin eman du. Euskal gatazkaren inguruko kontakizun pertsonal bat da, atzeko oihal gisa Burgosko prozesua duena.

Autobiografiatik baduen saiakera literarioan, Nafarroan bizi den idazle eta antzerkigile donostiarrak ETA erakundearen sorrera eta amaiera kontatu ditu, edo sorrera eta amaiera bana, Burgosko auziak harilkatuak, eta bizipen eta gogoeta pertsonalek jantziak. Eta lerro artean, arroz urez idatziak, isilpean gorde behar izan diren hamaika kontu.

Idazleak zehaztu duenez, liburua ez da kontakizun jarraitu bat, ez da narrazio bat, baizik eta puska askok osatutako collage moduko bat; bitxia baino, "arraroa". 

Azaldu duenez, ez zuen intentziorik lan hau idazteko, eta ernamuina Gara egunkaritik jasotako proposamen bat izan zen: Burgos Auzia. Iraultza eta bizi izango zen komikiaren gidoia eta eranskin bat idazteko. Testua idazten jarrita, hainbeste loditu zen, liburu bihurtzea erabaki zuela. Adur Larrearekin batera osatutako komiki horrekin lotura badu, hortaz, eta horrekin eta Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia antzezlanarekin, trilogia bat osatzen du.

Prozesua "oso bizia eta organikoa" izan dela kontatu dute idazleak eta editoreak, eta aldaketa ugari izan dira bidean. Izenburua eta azala bera hasieran beste batzuk ziren, adibidez. 

Kontakizunaren batailan sartu gabe

"Gatazkaren generoan aditu bihurtzeko gogorik ez" duela aipatu du idazleak, ez eta errelato tira-biretan sartzekoa ere, ez baitu "osasungarri" ikusten. "Bataila baterako munizioa ez" da, beraz, sortu duena; baizik eta ariketa pertsonal baten emaitza, pandemia garaian bizipoza berreskuratzen lagundu diona.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!