Larunbatean egindako manifestazioan salatu zuten osasun krisiak agerian utzi duela egoitzetan bizi den errealitatea, "ez dela testuinguruari lotutako zerbait", baizik eta "egiturazko" zerbait. Egoitzen publikotasuna eskatu zuten, eta Nafarroako Gobernuari eskatu zioten sektorea publiko egiteko plan bat abian jar dezala, bai eta lege berri bat ere, erabiltzaile bakoitzeko langile ratioa arautzeko, urtean egiten dituzten ia 1.800 orduak murrizteko eta soldatak duintzeko, ez baitira 1.000 euro gordinetik gorakoak.
"Langileen eskubideak defendatzea geure burua zaintzea da, eta egoitzen publikotasuna defendatzea gure bizitzak erdigunean jartzea", aldarrikatu zuen Imanol Karrera LABeko Nafarroako bozeramaileak. Adineko pertsona asko Nafarroako egoitzetan "modu masiboan" hil direla kritikatu zuen, eta heriotza horien atzean "koronabirusa" ez ezik, "osasunarekin eta adinekoen zaintzarekin negozioa egin nahi duten batzuen zekenkeria" dagoela gaineratu zuen.
Hori dela eta, Nafarroako Gobernuari hausnarketa bat egiteko eskatu zion: "Eredu honen aldeko apustua egiten jarraituko duen, zein ondorio dituen badakigularik, edo etorkizunari begiratu eta egoitzek duten egoerari irtenbidea emateko apustua egingo duen".
Karrerak esan zuenez, foru gobernuak "baliabide material eta pertsonal gehiago" jarri behar ditu, baita langileen soldatak duindu eta lanaldiak hobetu ere. "Ikusten dugu orain arte Nafarroako Gobernuak apustu egin duela gaur egun nagusi den eta porrot egin duen ereduari eustearen alde, baina ikusi dugu, baita ere, nola mobilizatu garenean, hitzarmenen gaia agenda instituzionalaren erdigunean jartzea lortu dugu".