Labriteko pasabidearen kostuaren erdia jasotzeko akordioa egin du udalak aseguru etxeekin

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 23a, 17:12

EH Bilduk salatu du Navarra Suma legez kanpo kontratatutako txosten batean eta existitzen ez den proiektu batean oinarritu dela. Helegitea aurkeztuko du alderdiak udal gobernuaren erabakiaren aurka: "Maia zuritzeko 400.000 euroko iruzurra egiten ari zaie iruindarrei".

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, ohiz kanpo eta presaz bilduta, astearte honetan ezagutu eta onartu du aseguru etxe batek notario aurrean 140.800 euro kontsignatu dituela Labriteko pasabidearen proiektua idatzi duen taldeari egozten zaizkion erantzukizunen zati bati erantzuteko, azpiegitura horretan hautemandako gabeziei dagokienez.

Udalak ohar batean azaldu duenez, "funts horiek jasotzeari esker azpiegitura hori konpontzeko proiektuaren idazketa aktibatuko da, Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoaren Nafarroako mugapeak joan den maiatzean egindako txostenaren arabera, pasabideak hutsuneak ditu, horietako batzuk larriak, baina arazoak konpon daitezke". 

Txostenak berak kalkulatzen zuen konponketen kostua 489.800 euro ingurukoa izango zela (BEZa barne), eta ez zituen barne hartzen azterlanak, segurtasun-neurriak, urte horietan pasabidean egindako jarduerak, etab. Gastu horiek erreklamatzea ere aurreikusten du Iruñeko Udalak. Kopuru horren banaketa Mugikortasun eta Jasangarritasun Proiektu Estrategikoen Arloak egin du, proportzio desberdinetan, arkitektura-azterketarako, ingeniaritza-proiekturako, obra-zuzendaritzarako eta eraikuntza-enpresarako.

EH Bilduk salatu duenez, Iruñeko Udaleko gobernu taldeak Labriteko Pasabidearen kostu globalaren ordez (800.000), horren erdia soilik (459.000) jasotzeko akordioa egin du aseguru etxeekin. Eta erabaki hori justifikatzeko, Nafarroako Ingeniarien Elkargoak egindako txostena, zeinaren kontratazioa Nafarroako Administrazio Auzitegiak legez kontrakoa jo zuen, eta txosten horretan jasotzen ustezko proiektuaren kostuen kalkulua erabili ditu argudio gisa. “Lotsagarria da. Enrique Maiak Labriteko Pasabidearekin egin duen kudeaketa txarra zuritzeko iruindarroi pasabide berri bat ukatzen zaigu, udal teknikariek egindako erantzukizunak argitzeko espedientean gomendatzen zen bezala, eta gainera 400.00o euroko galera ekarriko du akordio berri honek” salatu du EH Bilduk.

Koalizioak iragarri du helegitea aurkeztuko duela gaur Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabakiaren aurka, "irregularra eta legez kanpokoa delako eta herritarren interes orokorra urratzen duelako". EH Bilduk salatu duenez, gaur goizean eskuineko hirukoak onartutako erabakia faltsukeriatan oinarritzen da. Izan ere, Tokiko Gobernu Batzarraren 2019ko azaroaren 4ko akordioa aipatu dute, eta ordukoan erantzukizunak garbitzeko espediente berri bat ireki zela, Nafarroako Ingeniarien Elkargoari eskatutako txostena oinarritzat hartuz. "Bai bata bai bestea gezur hutsa dira: batzar hartan onartu zena txostena egiteko enkargua izan zen, eta 2020ko urriaren 22an Nafarroako Administrazio Auzitegiak legez kanpokotzat jo zuen kontratazio hori, hatzez esleitu zelako eta lehia askeko kontratazio prozesurik egon ez zelako", salatu du EH Bilduk. "NAAren ebazpena onartu beharrean, eskuineko hirukoa bere kasa aritu da eta aurrera jarraitu du ezer gertatu izan ez balitz bezala, Udala atzera bueltarik gabeko nahaste-borraste juridiko batean sartuz, horren ondorioa proiektugileen enpresei, eraikitzaileei eta aseguru-etxeei mesede egitea delarik, herritarren interes orokorraren gainetik", adierazi du koalizioak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!