Navarra Sumaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2019ko azaroaren 4ko erabakian, betekizun baztertzaile bat ezarri zuen publizitatea banatzeko esleipeneko baldintza pleguan: audientzia osoaren %10a gainditzea, hain justu. Azken inkesta soziologikoaren arabera (2016koa), euskaldun osoak Iruñean %10,5 direnez, baldintza horrek publizitate instituzionala jasotzeko aukerarik gabe uzten ditu euskarazko komunikabide iruindarrak, haien audientzia potentzialaren %100a lortu beharko bailukete langa hori gainditzeko. Banaketaren aurka helegitea jarri zuten Baigorri Argitaletxeak eta Iruñeko Komunikabideak. Bi errekurtsoak atzera bota ditu Nafarraoko Auzitegiak.
Baigorri Argitaletxearen helegitearen kasuan kasuan, auzitegiak uste du, lizitazioan parte hartu ahal izateko, komunikabideetan espazioak erosteko pleguan gutxieneko entzunaldi-ehuneko bat (%10) ezartzeak bat egiten duela udalak publizitate instituzionala banatzeko irizpide objektiboak ezartzeko duen beharrarekin. Zentzu horretan, epaiaren arabera, portzentajea ezartzea erakundeak duen ahalmenarekin lotzen da, ez bakarrik bere mezuak ahalik eta gehien zabaltzea bermatzen duten kaudimen teknikoko irizpideak markatzeko ahalmenarekin -hori "jarduera instituzionalak berak berezkoa du" -, eta, gainera, hori eskatzea "esleipen-betekizun baliozkotzat jo daiteke".
Bigarren errekurtsogileak, Iruñeko Komunikabideak, pleguan irratiari dagokionez gutxieneko entzunaldi-ehunekoa egotean oinarritzen zuen bere argudioa. Helegitearen arabera, euskarazko irrati batek, %10eko gutxieneko audientzia lortzeko, hiriko euskaldun guztiak izan beharko lituzke. Ildo horretan, argudiatzen zuen eskakizun horrek, "euskarazko eta gaztelaniazko audientzia bereizi gabe", urratu egingo lituzkeela tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak, bai eta Kontratuen Foru Legean jasotako lizitatzaileen arteko lehia askearen printzipioa ere. Gainera, argudiatu zuen praktikan entzunaldiaren irizpidea zela esleipenaren irizpide bakarra.
Bigarren kasu horretan, auzitegiak entzunaldi-irizpideari buruzko argudio berdinak eman ditu, esleipen-baldintza baliodun gisa, eta lizitazioan "beste hiru irizpiderekin" osatzen dela uste du. Hizkuntzari dagokionez, epaiak dio Foru Komunitatean euskararen erabilera arautzen duten legeetan eta Kontratu Publikoen Legean ez dagoela "errekurtsogileak nahi duena babesten duen xedapenik".
Bi ezespen horietan adierazten da, Europar Batasuneko Justizia Auzitegi Nagusiaren irizpideari jarraituz, lizitatzaileak kontratazio-prozesuan gutxieneko entzunaldia ezartzea ez dagoela debekatuta Europako 2014/24 Zuzentarauan.
Lehenik eta behin, Iruñeko Komunikabideak helegitea aurkeztu zuen Tokiko Gobernu Batzarraren 2019ko azaroaren 4ko erabakiaren kontra. Batzarrak berak helegitea atzera bota zuen, abenduaren 24ko erabaki baten bidez, batere azalpenik eskaini gabe, besterik gabe baldintza plegua berretsiz.