Otsail, martxo eta apirilerako Emakumeen Etxeko jarduera-programak hogeita hamar bat jarduera jasotzen ditu: ikastaroak, mahai-inguruak, lantegiak, hitzaldiak eta erakusketak, besteak beste. Proposamenak egungo osasun-egoera aintzat hartu du eta onlineko formatua eta aurrez aurrekoa uztartzen ditu. Azken honetako jarduerak Agoitz kaleko eraikinean eginen dira, espazio segurua baita, indarrean diren osasun-neurrietara egokitua, eta edukiera mugatuarekin areto eta jarduera guztietan. Dagoeneko izena eman daiteke Herritarrendako Arreta Zerbitzuaren 010 telefonora deituta, edo 948 420 100 zenbakira, hiriburuaz kanpotik deituz gero.
Emakumeen Etxeko ikastaro eta lantegien eskaintzak bederatzi aukera eskaintzen ditu datozen hilabeteetarako, besteak beste osasuna, feminismoak eta indarkeriaren prebentzioa jorratzeko. Asteazkenetan, arratsaldez eta telematikoki, harremanetan eman daitezkeen praktika libreagoak sakonki aztertuko dira, abiapuntu hartuta maitasunaz pentsa daitekeen ala ez. Astearteetan, arratsaldez, hamabost egunetik behin eta ele bitan, osasun mentalaren eta generoaren arteko harremanak izanen dira hizpide, hauek ere onlineko formatuan. Bestalde, Emagin elkarteak autodefentsa feministaren gaia eramanen du Emakumeen Etxera, eta prestakuntza telematikoki emanen du bai euskaraz bai gaztelaniaz.
Hurrengo hilabeteetarako eskaintza osatzeko, emakumeentzako Chi Kung saioak izanen dira astelehenetan, arratsaldez eta formatu digitalean, eta meditazioa, baita ere, astelehenetan, arratsaldez, baina oraingo honetan aurrez aurre. Halaber, hiru lantegi proposatu dira: bat euskaraz, ‘Feminismotik pribilegio zuria aztertzen’ izenburupean; beste bat, historiako emakume protagonista ahaztuei buruzkoa, online, eta hirugarrena ‘Las emociones de verdad tienen curvas’ izenekoa.
Mahai-inguruak, hitzaldiak edo emakumeei zuzendutako topaguneak
Ohi bezala, hurrengo hilabeteetan Emakumeen Etxean gaurkotasuneko hainbat gai egonen dira eztabaidagai eta aztergai, zenbait formaturen bidez. Otsailaren 26an, ostiralarekin, mahai-inguru batean honako egoera honi helduko zaio, online: ‘jada bikote ez zaretenean, baina familia izaten jarraitzen duzuenean’. Formatu berean, apirilaren 26an, Ikusgaitasun Lesbikoaren Egunean, ‘Emakumeak eta bizipenak. Armairutik ateratzea’ izeneko mahai-ingurua eginen da. Horrez gain, aurrez aurreko lau topagune eginen dira berdintasunari, emakume gurasobakarrei edo migrazioek gai hauetan duten eraginari buruz.
Testigantzak eta adituen hitzak ere entzun ahal izanen dira Emakumeen Etxean, hainbat profili zuzendutako bederatzi hitzaldiren bidez. Familiako Elkarguneen errealitatea edo desgaitasuna dutenek feminismoa nola bizi duten jorratuko da. Baina feminismoan murgiltzeko tartea ere egonen da zientziaren ikuspegitik, geopolitikatik, sinbolismotik zein maitasunetik.
Datozen hilabeteetarako Emakumeen Etxeko jardueren eskaintza osatzeko, irakurketa-klubak eta erakusketak ere izanen dira. Lehen kasuan bi aukera eskaintzen dira formatu telematikoan. Otsailaren 25ean, ostegunarekin, Olivia Laig-en ‘Aventuras en el arte de estar sola’ lanaren txanda izanen da, eta apirilaren 22an, Alicia Miyarésen ‘Democracia feminista’ obrarena. Bi erakusketa ere eginen dira, artearen bidez arreta bi gaitan jartzeko: lesbianen mundua konfinamenduan eta Palestinako emakume errefuxiatuak.
Emakumeen Etxea Iruñeko emakume guztiak banaka zein taldeka ahalduntzeko gune bat da, ezagutzak eta esperientziak partekatzeko tokia, hiri berdinzalea lortzeko bidean aurrera egiteko asmoz. Duela urtebete pasatxo inauguratu zenetik, espazio hau errealitate bizi, gorakor eta aldakorra bihurtu da, eta Iruñeko ehunka emakumek edukiz, bizipenez eta ikasbidez bete dute. Agoitz kaleko 9. zenbakian dago, eta jendaurreko ordutegia honakoa da: astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:00etara.