XX. mendean nazioartean proiekzio handia izan zuten bi emakume izan ziren Pepita eta Elisa Uriz Pi ahizpak. Pepita 1883an jaio zen, Badoztainen, eta Elisa, hamar urte geroago, Tafallan, baina Euskal Herritik kanpo nabarmendu ziren.
Heziketaren eta gizartearen alorrean aritu ziren, haurren eta emakumezkoen eskubideen aldeko borrokan; baina errepresioaren eta erbestearen eraginez, euren istorioa ahanzturan gelditu zen.
2013an jaso zuten lehenbiziko omenaldia, eta, ordutik, hainbat egitasmo egin dira haien istorioa ezagutarazteko. Azkena da Planetarioan inauguratu eta orain Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte eta heziketa zientzien fakultatean ikusgai jarri duten erakusketa. Proposamen horrekin, bi emakume horien lana aitortzen eta zabaltzen jarraitu nahi dutela nabarmendu du Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak.
Uriz Pi ahizpek konpromiso politiko handia izan zuten. Bigarren Errepublikan ardura karguak hartu zituzten, eta geroago, Frankismotik ihesi, borroka antifaxistan jardun ziren. Euren militantziarengatik errepresioa pairatu zuten, ordea: Frantziatik kanporatuak izan ziren, eta Alemanian erbesteratze luze bat bizi izan zuten. Nafarroak erbestearen ondorioz galdu zuen giza kapitalaren beste adibide bat dira, kontseilariaren hitzetan.
Erakusketak 2013an du jatorria, Manuel Martorellek osatutako erakusketa txikiago batean. Orain, Nafarroako Memoriaren Institutuak berritu du proposamen hori, eta argazkiz eta testuz osatutako 36 informaizo panel ikus daitezke.