Gazteentzako alokairurako lehen eraikina zaharberritu dute Compañia kalean

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 2a, 13:49

Lau etxebizitza dira eta 35 urtetik behekoei eskainiko zaizkie. Obretan duela ia 2.000 urteko Pompelo erromatar hiriko termen hondakinak agertu dira eta eraikinaren atariko lurpean bistan gordeko dituzte.

Nafarroako Gobernuak 739.000 euro inbertitu ditu Nasuvinsaren bidez, gazteentzako lehen eraikina zaharberritzeko. Iruñeko Compañía kalean dagoen eraikinak lau etxebizitza ditu eta 35 urtetik beherakoei esleituko zaizkie etxebizitza eskatzaileen errolda bakarrean inskribatutako pertsonen artean.

Jose Maria Aierdi lehendakariordea eta Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria pisuak ikusten izan da gaur honako hauekin batera: Gazteriako zuzendari nagusia, Carlos Amatriain; Nasuvinsako kudeatzailea, Alberto Bayona; eta birgaitzeko lanak zuzendu dituen arkitekto teknikoa, Amaya Urtasun.

Obra honekin Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Departamentuak kontserbazio-egoera txarrean edo erabili gabe dauden eraikinak birgaitzea bultzatzeko konpromisoari erantzun dio, hirigune finkatuetan alokairu-eskaintza gehitzeko eta, kasu honetan, gazteen premiak eta eskaerak artatzeko, hiria berroneratzeko faktore gisa.

Berrikuntza gisa, obren barruan erromatar termen hondakinak berreskuratu dira, eraikinaren atariko lurpean bistan geratu baitira.

Arkitekturaren ikuspegitik, higiezinaren irisgarritasun-baldintzak hobetu dira, igogailuaren zutabea jarri baita behe solairutik, eta eragozpen arkitektonikoak ezabatu dira pertsonei zona komun eta etxebizitzetarako sarrera errazteko.

Obrak Construcciones Díaz García S.L. enpresak egin ditu eta proiektu arkitektonikoaz B&J Arquitectura eta Rue Arquitectos eta Ingeniería Inarq enpresak osatutako taldea arduratu da. Proiektu arkitektonikoa B&J Arquitectura (Rufino Bruguera eta Javier Jabat) eta Rue Arquitectos (Raúl Montero eta Emilio Pardo) eta Inarq Ingenieros enpresak egin dute.

Obrak, esan bezala, Construcciones Díaz García, S.L. enpresak egin ditu, arkitekto teknikoa Andoni Ciaurriz izan da eta Iñaki Archanco Passivhaus-ko aholkularia.

50 m2-ko hiru pisu eta 80 m2-ko duplex bat

Compañia kaleko 3. zenbakian dagoen eraikina birgaitu da Passivhaus irizpideen arabera eta eraikuntza pasiboaren eta energia-eraginkortasun altuaren estandarrak jarraituz. Lau etxebizitza ditu, lau altueratan banatuta, eta denetan 3 balkoi daude fatxada nagusian. Lehen hiru solairutan 50 metro karratuko apartamentu bat dago, eta sukalde-jangela, bainugela eta bi gela ditu. Laugarren solairuan, berriz, 80 metro karratuko etxebizitza birgaitu da, hiru gela ditu, eta duplex moduan egin da teilatu azpia aprobetxatuz.

Era berean, eraikinak 33 metro karratuko lokal komertziala du behe solairuan, alokatzeko erabiltzeko, eta hori ere kalitate eta eraginkortasun energetikoaren irizpideen arabera birgaitu da. Gainera, atarian ur-horniduraren eta argiaren kontagailuak daude eta bizikletak gordetzeko gela bat maizterrentzat.

Lau etxebizitzak zoru bero-emaile bidezko berokuntza-sistema dute eta etxeko ur beroa aerotermia-ponpa bidez. Teknika berritzaile horrek %100 berriztagarria den energia erabiltzen du, erregai fosilik batere gabe, eta, era horretan, berotegi-efektuko gasak atmosferara igortzea murrizten laguntzen du.

Pompeloren termen hondakinak

Birgaitzean zehar egindako hondeaketa-lanei esker, erromatar garaiko terma batzuen hondakin arkeologikoak agertu dira, inguruan bertan beste esku-hartze batzuetan jada dokumentatuak, eta bainu publikoen eraikin zaharreko hormari eta kriptoportikoari edo estalitako galeriari dagozkio, zehazki.

Trama Kabinetearen lankidetzarekin (txosten arkeologikoa egin duena) eta Vianako Printzea Erakundearekin adostuta, Nasuvinsak birgaitze-lanak handitzea erabaki zuen, hondakin arkeologiko horien zati bat musealizatuta, kontserbatzeko eta erakusteko balio duen espazio bat finkatzearren.

Horma bistan geratu da atarian zoru gardena jarrita, eta kalera begira dagoen alboko leihatean, musealizazio txiki bat egin da, harearrizko zutabearen harroin bat erabilita, Iruñeko Kuria kalean aurkitua eta Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuak utzitakoa, erakusteko.

Era berean, duela ia 2.000 urteko Pompelo erromatar hiriko terma horiei buruzko azalpen-panelak jarri dira.

Alokairu gaztearen inguruko politika

Etxebizitzetara egindako bisitan, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Etxebizitzako titularra den José Mª Aierdik azpimarratu du “Nafarroako Gobernuak apustu egin duela alokairuko eskaintza publikoa prezio eskuragarrietan indartzeko”. Ildo horretan, Aierdik bere departamentuaren lehentasun gisa nabarmendu ditu Nasuvinsaren etxebizitza parke publikoa, errentamendu-erregimenean, eta etxebizitza librerako alokairu-laguntzak, EmanZipa programaren bitartez. Azken hori 31 urtetik beherako gazteentzat da, eta jada 2.000 pertsona baino gehiago horretara atxikita daude.

Halaber, kontseilariak gogoratu du Nasuvinsaren alokairuko egungo etxebizitza parke publikoko 1.090 etxebizitzatatik eta Navarra Social Housing-ean aurreikusitako eraikuntza berriko sustapenetatik, guztira 224 erreserbatuta daudela pertsona gazteentzat; hau da, portzentualki, %21 inguru.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!