Eskolatik plazara, Iruñean

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 1a, 17:15
Gernika-Lumon hasi zuen bidea egitasmoak pasa den ostiralean. (Bertsozale Elkartea)

Otsailaren 5ean izango da Eskolatik plazara egitasmoaren hurrengo hitzordua Nafarroako hiriburuan. Aitor Ugarte, Alaia Martin, Bittori Elizalde, Ekhiñe Zapiain, Eukene De Los Aires eta Julio Soto ariko dira kantuan.

Gernika-Lumoko Astran elkartu zituzten pasa den urtarrilaren 29an, iaz Euskal Herriko Eskolartekoan aritzekoak ziren Irune Basagoiti, Leire Vargas eta Naia Arrizabalaga, Etxahun Lekue eta Maialen Lujanbio bertsolariekin; Igor Menikak jarri zituen gaiak. Zortedunak izan ziren gernikarrak, Euskal Autonomia Erkidegoan udalerrien arteko mugak igaro ezinda, haiek izan baitzuten soilik saioaz gozatzeko aukera. Dena den, laster ikusi eta entzun ahal izango dira bertsoaldiak Hitzetik Hortzeran ere.

Aste honetan iruindarren txanda izango da. Iruñeko Nafarroako Antzerki Eskolan ariko dira kantuan Aitor Ugarte, Alaia Martin, Bittori Elizalde, Ekhiñe Zapiain, Eukene De Los Aires eta Julio Soto; Josu Sanjurjo ariko da gai jartzaile lanetan. 18:00etatik aurrera izango da hitzordua. Sarrera doakoa da, eta gonbidapenak jada eskuragai daude, www.bertsozale.eus atarian.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatu dute Eskolatik Plazara. Eskolartekoaren helburua bertsotan hasiberriak direnei jendaurrean bat-batekoan plazaratzeko aukera ematea da, beren belaunaldia zaletzea, eta bertso saioen antolakuntzan lehen urratsak egitea, etorkizunean bertsolaritzako eragile izan daitezen. Bertsolari gazteei ikusgarritasuna eman nahi zaie ekimen honekin, bertsolari gazteentzako bultzada handia izaten baita datozen urteetako plazei begira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!