Euskarazko mugiltze ereduari ingelesezko jarduerak gehitu nahi dizkio Navarra Sumak datorren ikasturtean. Hala, gaztelaniak ez bezala, euskarak hiru lerro izanen ditu hirian. Haur Eskolen hizkuntza-eskaintza moldatzeko proposamena aurkeztu die udal taldeei Iruñeko Udaleko hezkuntza alorrak. Datorren ikasturtean Izartegi (Txantrea) eta Goizeder (Arrotxapea) eta Printzearen Harresia (Arrosadia) haur eskoletan izanen da euskarazko eskaintza. Txantrean, hizkuntza-murgiltze ereduarekin eta Arrotxapenan, eredu mistoarekin. Egun murgiltze eredu mistoa eskaintzen duen Printzearen Harresia haur eskolan eskaini nahi du ingelesa gehituko duen euskarazko eskaintza; eta hala, bi eredu hartuko ditu haur eskola horrek, datozen hiru urteetan. 2021-2022 ikasturtean bularreko haurrentzat eta ibiltarientzat bakarrik eskainiko da; 2022-23 ikasturtean, berriz, ertainentzat (1-2 urte) eta 2023-24 ikasturtean helduentzat (2-3 urte).
Printzearen Harresia, Donibanerekin batera, aurreko gobernu taldeak euskarazko lerroak sartu zituen haur eskoletako bat da. Aldaketa hori 2019ko abenduan eten zuen behin betiko Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Orain, Navarra Sumak ziurtatu du aldaketak egingo dituela "37/2017 epaia betetzeko prozesuari kalterik egin gabe". EH Bilduk salatu duenez, zentroak ez ditu betetzen "gaztelaniaren eta euskararen arteko loturak bermatzeko beharrezko baldintzak".
Euskarazko eskaintza hegoaldera zabalduko du Iruñeko Udalak aldaketarekin; baina proposamena joan den ostiralean Haur Eskolak Euskaraz plataformak egindakotik urrun geratu da. Iruñea lau barrutietan banatu eta bakoitzean euskarazko murgiltze eredua eskintzeko eskatu dute. Plataformak manifestazioa deitu du ostiralerako, urtarrilaren 29rako, eta 18:00etan abiatuko da hezkuntza departamentutik.
EH Bilduk ez du babestuko proposamena
Iruñeko Udaleko EH Bildu taldeak, ohar bidez azaldu duenez, ez du babestuko eskuineko hirukoaren proposamena. "Agerian geratu da, berriz ere, Navarra Sumaren helburua euskara desagertzea dela, MaIaren taldea kalitatezko hizkuntzen ikaskuntza bermatzen duen murgiltze ereduaren etsaia dela, eta bere obsesioa euskara hizkuntza minorizatua izaten jarraitzea dela, eta horretarako aberrazio pedagogikoak egitera iristen da, hau da, murgiltze eredua diluitzea, ingelesa bezalako bigarren hizkuntza batean Jarduerak sartuz", salatu du Maider Beloki zinegotziak.
Alderdi soberanistaren iritziz, euskarazko plazak eskaera errealetik asko urruntzen dira. Koalizioak azaldu duenez, "Donibaneko eskola zein egoeratan geratuko den zehazteke dagoen arren, datorren urterako euskarazko plazen eskaintza ez da nahikoa izango". Navarra Sumaren "inkoherentzia" azpimarratu du Belokik: "Behin eta berriz errepikatu du Haur Eskolen epaia betetzeko Donibane, Printzearen Harresi eta Goiz Eder hasiera puntura itzuli behar zirela, baina, orain, Printzearen Harresiaren eredua aldatzen du. Gainera, bat-bateko erabakiak hartzen ari dira, zuzendaritzekin eta hezitzaileekin kontrastatu gabe". Belokik gogorarazi du "langileen ordezkapenetarako arazo oso larriak" daudela, izan ere, "sindikatuen arabera, ez da modurik egongo hizkuntza-eskakizun bikoitza (B1 ingelesa eta C1 euskara) duten lanpostuak betetzeko".
EH Bilduk euskarazko eskaintza eta eskaria "esperimenturik gabe" egokitzeko konpromisoa betetzea eskatu du, eta portzentajeak adosteko eztabaida gune bat irekitzea. "Izugarria da haurrak kalitate txarreko eredu baten menpe jartzea, helburu politiko argi batekin: euskararekin amaitzea", gaineratu du.