Pandemiak eragina izan du bertsolaritzan. Hala azaldu du gaur Bertsozaleen elkarteak: "tartean, saio ugari bertan behera geratu dira, eta Bertsozale Elkarteak bertso plaza hauspotzen jarriko du indarra bereziki datozen hilabeteetan". Hiru bertso egun antolatu dituzte, horietako bat Iruñean, otsailaren 13an, Gaiarre antzokian. Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira ariko dira kantuan; Ainhoa Larretxea izango da gai jartzen. Sarrerak eskuragai daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian.
Aretoan ez ezik, Internetez zuzenean
Pandemia aroak ere ekarri du berrikuntzarik: ahalik eta zale gehiagorengana iritsi asmoz, bertatik bertara jarraitu ahal izango dira saioak, baina baita Internetez ere, www.bertsoa.eus atariaren bidez. Modu baterako zein besterako sarrera erosi behar da aurretik, baina ezberdinak izango dira, beraz, adi www.bertsosarrerak.eus atarian txartela aukeratzerakoan: 12 euro balio ditu aretorako sarrerak, eta 5 Internetekoak. Bazkideok merkeago lortu ahal izango dute (10 eta 3 euroren truke, hurrenez hurren), eta gazteek ere deskontua izango dute.
Sarrerak, lehenago bukatzen ez badira, egunera arte egongo dira eskuragai.
700 saio baino gehiago galdu dira 2020an
Iazko datuekin alderatuta, hamarretik sei saio ez dira egin, eta 735.000 euro ingurukoa da galera ekonomikoa. Bertso-eskola edota bertsozale talde bat dagoen herrietan eutsi zaie, bereziki, bertso saioei.
Xenpelar Dokumentazio Zentroari esker jaso ohi ditu Bertsozale Elkarteak bertso saioen inguruko datuak. Horien arabera, 2019an, bertsolaritza ardatz zuten 1.121 ekitaldi egin ziren; aurtengoa amaitzerako iragarrita daudenak aintzat hartuta, aldiz, 2020an, 435 egingo direla aurreikusten da. Bestela esanda, bi urteak elkatuta, hamarretik sei saio ez dira egin. Horrek 735.000 euroko galera ekonomikoa ekarri du berekin.
Eragin handiena, libreko saioetan
Segurtasun arauen neurrira egokitutako saioak gauzatu ahal izan dituzte antolatzaileek, eta, ondorioz, bertso saio mota jakin batzuengan ondorioak handiagoak izan dira. Lagunarteko eta libreko saioen kasua da hori. Saio hauek osatzen dute multzorik handiena urteroko bertso plazan: alegia, otorduetan edo mahai-inguruan egiten direnak eta gai jartzailerik gabe bertsolariek ikus-entzuleengandik hurbil kalean egiten dituztenak. Aurten, %58 jaitsi dira lehenak, eta %86 bigarrenak.
Jaialdiak – bertsolariak oholtzan eta haien aurrean ikus-entzuleak - izan dira egoerari ondoen eutsi diotenak, nahiz eta iaz baino gutxiago izan diren: 138 egin dira, %37 gutxiago. Kasu batzuetan, lagunartekoen eta librekoen ordezko ere izan dira, hauek egiteko baldintzak ez egonda.