Iaz baino %25 gehiago gastatuko du udalak Gabonetan Iruñea argitzeko

Euskalerria Irratia 2020ko urriaren 19a

Gabonetako argiztapena azaroaren 27an, ostiralean, piztuko dute eta urtarrilaren 6ra arte hiria apaintzen egongo dela aurreikusi du udalak. Argiekin Gabonetako "girotzea" bermatzen dela defendatu du exekutiboak, eta hori "paseatzeko, irteteko, hiria bisitatzeko edo erosketak egiteko pizgarri" izanen dela dio.

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Gabonetako argiztapenaren eta dekorazioaren hornidura esleitu du, eta aurten 156.337,50 euroko inbertsioa izango du, 2019an baino %25 gehiago. Guztira 236 argi-arku jarriko dira, eta horiei lau gune enblematikoren dekorazioa eta argiak batuko zaizkie: udaletxe plaza, Iruñeko udaletxearen fatxada, Gaztelu plaza eta Karlos III.aren hiribidea.

2020. urterako, Iruñeko Udalak auzoetako argiztapena indartu du, hirigunean ez ezik, beste gune batzuetan ere apaintzeko. Udalaren esanetan, argiekin Gabonetako "girotzea" bermatzen da, eta hori "paseatzeko, irteteko, hiria bisitatzeko edo erosketak egiteko pizgarri" izanen da. Kontratua Cordobako Iluminaciones Ximenez enpresari esleitu zaio, datorren urterako luzapen batekin.

Gabonetako argiztapena azaroaren 27an, ostiralean, piztuko dute eta urtarrilaren 6ra arte hiria apaintzen egongo dela aurreikusi du udalak. 17:45etik 23:00etara egongo da piztuta, asteburuetan eta jaiegunetan izan ezik. Ostiraletan eta larunbatetan, ordutegia goizeko 1era arte luzatuko da, eta abenduaren 24an eta 31n, eta urtarrilaren 5ean goizaldeko 2ak arte argiztatuko da.

Alde Zaharrean eta Zabalguneetan 166 arku jarriko dira kalean, hala nola Estafeta, Zapateria, Nagusia, Paulino Caballero, Amaya, Tafalla, Gorriti edo Olite. Horrez gain, Gabonetako apaingarriak eta estanpak jarriko dituzte, besteak beste, Askatasunaren, gurutzearen edo San Frantziskoren plazak, Vianako Printzearen eta Merindadeen iturriak eta Gayarre Antzokiaren fatxada. Auzoetan, 70 arkutan zehar iritsiko da argiztapena, San Juan, Iturrama, Arrotxapea, Mendebaldea, San Jorge, Mendillorri, Ermitagaña, Txantrea eta Martin Azpilcueta merkataritza-gunean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!