Astearte honetan hasiko dira Ingurumen Heziketarako zentroaren abuztuko jarduerak

Euskalerria Irratia 2020ko abu. 10a, 10:53

Haur eta familientzako euskarazko bisita gidatu bat, goizeko 11.00etatik aurrera eta Arrotxapean barna izanen da lehen ekitaldia. Doan da baina aldez aurretik izena eman beharra dago edoozein civivoxetan.  

Iruñeko Ingurumen Heziketarako zentroak antolatutako lehendabiziko haur eta familientzako bisita gidatua bihar asteartean eginen da. Arrotxapean barna, 11.00etatik aurrera, doan eta euskaraz. Hori bai, aldez aurretik eman behar da izena edozein civivoxetan.

Bisita hauek San Pedro ingurumen heziketarako zentroak antolatu ditu, aurten lehen aldiz, Civivox sarearekin elkarlanean.

Asteartez egiten diren bisita hauek 6 urtetatik gorako haurrentzako ibilalditxoak dira, eta gutxienez heldu batek lagunduta joan beharko dute parte hartzaileek.

Lehenbiziko biak euskaraz izanen dira: biharkoa Arrotxapean eta 25ean Mendillorrin, goizeko 11.00etatik aurrera. Irailaren 8an azkena eginen da, Donibanen, gaztelaniaz eta arratsaldeko 18.00etan.

Bestalde, antolatutako taldeei, hau da hiri kanpaldi eta antzeko taldeei bideratutako jarduerak ere eskainiko dira aurten haur eta nerabeentzat.

Abuztuaren 18tik aurrera 6-12 urte bitarteko haurrek 5 zentzumenak erabiliz Arantzadiko ibai ertzeetako natura eta zuhaitzak ezagutzeko parada izanen dute.

12 urtetik gorakoek, aldiz, ibaia ezagutuko dute, eta baita bertan bizi diren animalia eta landareak ere.

Abuztuaren 18tik 21era eta abuztuaren 25etik 28ra, asteartetik ostiralera, egunero bi txanda eginen dira euskaraz eta gaztelaniaz: 10:00tan eta 11:30tan. Aurrez izena eman behar da San Pedro zentrora deituta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!