Sarasate pasealekuan terrazak jarri izanaren aurkako helegitea aurkeztu du EH Bilduk

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 28a, 09:56
Sarasate pasealekuko terrazak. (EH Bildu)

Terrazek Osasun arloko beharrezko txostenik ez dutela, hondakinei eta ur-
hornidurari buruzko araudia urratzen dutela eta ostalaritza sektorearentzat "diskriminatzaileak" direla argudiatu du.

EH Bilduk Sarasate pasealekuan terrazak jartzearen aurkako berraztertzeko helegitea aurkeztu du Iruñeko Udalean, "Osasun arloko beharrezko txostena ez izateagatik eta ostalaritza sektorearentzat diskriminatzaileak izateagatik".

Ohar baten bidez, koalizio abertzaleak "hondakinei buruzko foru araudia eta ur hornikuntzari eta elikadura higieneari buruzko tokiko araudia betetzeko" eskatu die Navarra Sumak horretarako lizentzia emanda Sarasate pasealekuan terraza jarri duten bost establezimenduri.

Era berean, salatu du baimenak emateko oinarritzat hartu den Herritarren Segurtasunerako espedienteak ez duela Osasun Departamentuaren nahitaezko txostenik.

Bestalde, “diskriminaziozko erabakitzat” jo du lizentzia horiek eman izana; izan ere, eremu jakin bateko lokal batzuei soilik eskaini die negozio aukera hori udal gobernuak, eta ez du beste aukerarik eskaini hiriko beste eremu batzuetan dauden lokaletarako, "sektoreak berak salatu duenez".

Espedientearen gabezia teknikoei dagokienez, deialdiaren baldintza agiriak hondakinei buruzko foru legea "urratzen" zuela gaineratu du, erabilera bakarreko baxera eta mahai tresnak eskatzen dituelako.

"Eskuineko hirukoaren arbitrariotasunaren, aldebakartasunaren eta planifikazio txarraren erakusgarri da; izan ere, haren gobernu jarduerak gutxi batzuei egiten die mesede", kritikatu du EH Bilduk.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!