Euskal presoen etxeratzea eskatu dute ehundaka lagunek

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 22a, 08:40

Izan Bidea dinamikaren baitan Iruñeko Sarasate Pasealekutik Iruñeko espetxeraino martxa egin du Sare Herritarrak. 

Sarasate pasealekutik Iruñeko espetxeraino martxa egin du larunbatean Sare Herritarrak. Preso, iheslari eta deportatuak "etxeratuko dituen bidea" irudikatu nahi izan du plataformak. 

Covid-19a dela eta, espetxeetako egoera gogortu egin dela gogoratu du Sarek. "Urruntze politika dela eta indarrean den bisiten debekua, gurasoak ikusi gabe ia hiru hilabete daramatzaten motxiladun haurrak edota gaixotasunaren hedapena ekidin asmoz ezarri diren espetxe barruko neurriak, zeinaren ondorioz, espetxealdia oraindik eta bortitzagoa bilakatu den. Espainia eta Frantziako gobernuek euskal presoei ezarritako salbuespen legedia bertan behera utzi behar dute behin betiko. Egoerak berak erakusten duen urgentziaz. Borondate politikoa behar da horretarako eta gaur gaurkoz estatuen jarrera ez da norabide horretan kokatzen".

"Presoen korapiloa askatuko duen bidean elkartu behar gara denak", azpimarratu du Sarek. Eta horretarako beharrezkotzat jo dute jendartearen aktibazioa. "Salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko lehenik eta preso, iheslari eta deportaturik gabeko etorkizun bati ateak zabaltzeko bigarrenik. Baina horretarako norabide horretan urratsak eman daitezkela sinistu behar dugu eta bide horren parte sentitu behar dugu".

Bideoa: Ahotsa.info / Irudia: Ekinklik

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!