Enara Chamorro hezitzailea: "Ez dakigu zer gertatuko den gure lanpostuekin"

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 2a, 18:12

Iruñeko lau euskal haur eskoletan 55 hezitzaile ari dira lanean. 15 urtez EPE- Enplegu Publikorako ekaintzarik ez eta iaz azkenean 91 plaza atera ondoren, prozesua bertan behera utzi zuen Navarra Sumak. Gainera D ereduko lau eskola izatetik bat eta erdira pasatzea nahi du Udalak. Langileak kezkatuta daude ez dakitelako zer gertatuko den haiekin heldu den ikasturtean, Enara Chamorro Donibaneko hezitzaileak azaldu digun bezala. 

Iruñeko Udala ez da langileen ordezkariekin bildu. Heldu den ostiralean bilera eginen du Fernando Sesma zinegotziak Giza Baliabide eta Eskolen kudeatzailearekin eta langileen egoeraz zerbait argitzea espero dute. Bitartean hau da Iruñeko D ereduko haur eskoletako langile gehienek sinatu duten komunikatua. 

 

IRUÑEKO EUSKAL HAUR ESKOLAK KINKA LARRIAN

Iruñako Udal Haur Eskoletako langile bezala kezka larria eta ziurgabetasuna sentitzen dut Euskararen ereduan lanean dihardugun guztion etorkizuna dela eta. Ekaina badator eta oraindik ez dakigu hurrengo ikasturtean gaurko lanpostuetara itzuliko garen, beste eskola batera joan beharko dugun edota are okerrago, kalean geratuko garen, beste kezka bat erantsi behar COVID-19aren eraginez bizi dugun garai zail honi.

Gutariko askok urteak eman ditugu oposaketak prestatzen eta ikasten, iaz azkenik, 91 plazako EPE deialdia heldu zen. 2019ko ekainaren 19an, ordea, gure familietan behar dugun sosegu eta egonkortasun laboral eta pertsonala ekarri behar zuen egoera dinamitaturik geratu zen.

Bizitza osoko gure ametsa zapuatuta geratu da deialdia ezabatzearekin batera eta, halaber lana, familia eta ikasketak harmonizatzen emandako urteak ere zakarrontzira jaurtiak izan dira. Non geratzen dira orain iritsezinak ziren azterketak prestatzen gure familiei eta seme-alabei lapurtu dizkiegun orduak? Nork itzuliko digu orain denbora hori? Hala eta guztiz ere, urte horietan guztietan saiatu gara egunero proiektu pedagogiko bat sortzen, mimatzen eta aberasten. Proiektu horrek, Hezkuntza-talde eta Eskola gisa nortasuna emateaz gain, familiak integratu eta haien seme-alaben bizitzako zati garrantzitsu horren partaide egin nahi ditu, 0-3 etapan, hain zuzen ere.

Etapa hau, ez dezagun ahantzi, haurren garapenean funtsezkoa da, non garapen afektibo, sozial, kognitibo eta motorraren oinarri eta balio hain garrantzitsuak sakontasun handiz finkatzen diren.

Partaide garen guztion ahaleginez, poliki-poliki lortu dugu bertan integratzen diren kultura ezberdinekoentzat Euskal Udal Haur Eskolak leku goxo eta abegitsuak izan daitezen, familiekin harreman maitekor, hurbil eta errespetuzkoa sortuz. Hemen hartzen du familia hitzak duen garrantzi berezia jardun profesionalean ere, urte hauetan ehuntzen aritu baikara harreman ireki eta sanoak eskolako lantalde pedagogikoko partaide guztion artean.Horregatik esan dezakegu gaur ekipo bat baino askoz ere gehiago garela.

Hezkuntza arloko zein sozialak diren balio eta printzipioak partekatzen ditugun familia osatzen dugu eta horregatik sentitzen gara hain proiektu eder baten parte, bihotz-bihotzean daramagulako. Horrela bada, nola izango gara gai hau guztia mantentzeko eredu aldaketak hezkuntza lantalde osoa birrintzen badu? Ez al da hobe, lortu den guztia desegin baino, proiektu koherente eta errespetuzko batean urte luzez lanean aritu den ekipoak elkartuta jarraitzea, eskolako hizkuntza behikularra zeinahi izanda ere?

Ez al da garrantzitsuagoa haurren onerako erreferentziazko hezitzaileen jarraikortasuna, adin hauetan oinarrizkoa den lotura afektiboa eraikitzen laguntzeko?

Haratago joanda, haur eskolen hizkuntza eskaerarenaren gaineko inkesta esku artean, Iruñeko Haur Eskoletako Organismoko presidentea den Fernando Sesmak emandako datuak ikusita, familien heren batek baino gehiagok seme-alabak euskara hutsezko eskola batean matrikulatuko lituzke. Ez al da erabat kontraesankorra datorren ikasturterako eskainitako plaza kopurua horrenbeste murriztea eta Iruñea osorako eskola eta erdia uztea?

Zertarako egin inkesta datorren ikasturterako eskaintza murrizteko erabakia hartua zutenean?

Ikasturtea bukatzear dago, aurre-matrikulazioa martxan dago jada eta gaur gaurkoz euskarazko hezitzaile lan-taldeeekin zer gertatuko den arrastorik ere ez. Covid-19 garai honetan bizitzea ez da xamurra izaten ari, are gehiago langileok datorren ikasturtean lan egiterik izanen dugun ez dakigularik, behin eta berriz argibideak eskatu baditugu ere gure lanpostuek zalantzan jarraitzen dute.

Umeak euskaraz eskolatu nahi dituzten familiak ere ziurgabetasun erabatekoan alternatiben bila ari dira, euskarazko plazak sistema publikorako berreskuratu bitartean Herri Haur Eskola bat sortu eta martxan jartzeko lanean ari dira.

AntoineSaint-Exupéry-k zioen bezala: “ Heldu guztiak, ahaztuta badaude ere, noizbait ume izan dira”. Iruñean ere ahaztuta dabiltza nonbait eta haurren eskubide eta ongizatearen kaltetan lehentasuna ematen diete batzuk unean uneko interes politikoei eta bidenabar, gizarte hobe bat eraikitzeko bidean erabateko bokazioz dugun onena ematen dugun profesionalak gutxiesten gaituzte.

Iruñeko Udal Haur Eskoletako euskal lerroko hezitzaile eta zuzendariak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!