Koronabirusaren krisialdia mugarria izan da Iruñeko Udaleko indar politikoen arteko harremanetan. Aspaldiko partez eta lehendabiziko aldiz, elkarrekin lanean jarri dira, muga gorri guztiak gaindituz, hiriak egoera gogor honi erantzuteko beharrezkoa duen birsortze plana adosteko. EH Bilduk azaldu du aurreakordioa.
6 puntu izanen ditu planak. Behar handienei erantzuteko gizarte zerbitzuetako diru partida handituko da. Milioi bat euro bideratuko dira erosketa bonoetarako, “tokiko, auzoetako dendetan erosteko, beherapen bonoak izanen dira, milioi bat inbertituz, ia lau milioi euroko irismena izan dezake dendariengan” azaldu du Joxe Abaurreak EH Bilduko zinegotziak. Kultur arlorako, bono bereziak ere planteatzen ditu akordioak, erabateko etenaldian den sektorea laguntzeko. Mugikortasun arloan, Labriteko igoera eta Baiona etorbidean moldaketak eginen dira, lehentasunezko bide moduan. Udal langileak telelanera moldatzeko ere inbertsioa eginen da, egoera berrietara udal lantaldea prestatuz. Azkenik etxebizitza arloan, behar berezietarako alokairurako 300 etxebizitza prestatzea eta zoru salmenta planteatzen du planak.
Joseba Asiron pozik azaldu da, plan honek ekidin egiten dituelako murrizketak, pasa den legegintzaldian utzitako egoera ekonomiko onari esker erantzuteko ahalmena dagoelako, kontsentsuz egin delako eta inflexio puntu bat izan delako harremanetan. “Espero dugu hemendik aurrera, hiriak behar dituen akordioetan, akordio zabaletan, marra gorriak desagertzea eta denak arduraz elkarren ondoan aritzea” adierazi du.