Astelehenean berrekingo diete Iruñeko espetxeko presoen bisitei

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 14a, 09:53
Iruñeko espetxea.

Preso bakoitzeko bi senide edo lagun sartu ahal izango dira kartzelara, aurrez hitzordua eskatuta. Lehen fasean egon arren, ezin da probintzien artean bidaiatu, eta beraz, sakabanatuta dauden presoek ezin izango dute bisitarik jaso.

Espetxeetako Zuzendaritzak itxialdia leuntzeko prozesuko jarraibideak bidali zituen atzo Espainiako estatuko kartzela guztietara. Gaurtik aurrera, bi lagunen bisitak egin ahal izango dira lehen fasean dauden erkidegoetako espetxeetan. Diario de Noticias egunkariak jakitera eman duenez, Iruñeko espetxean datorren astelehenetik aurrera ekingo diete bisitei. Alarma egoera ezartzearekin batera, espetxeetako bisitak bertan behera utzi zituzten, eta ordutik, presoek ezin izan dute kartzelaz kanpoko inorekin egon.

Preso bakoitzeko bi senide edo lagun sartu ahal izango dira kartzelara, aurrez hitzordua eskatuta. Lokutorioetan bisitatuko dituzte presoak, kristalezko holtzen bidez eta kontaktu fisikorik gabe. Hogei bat mintzaleku daude Nafarroako espetxean, baina orain erdiak baino ez dituzte erabiliko, bisitarien arteko segurtasun tarteak bermatzeko.

Bisitak astean sei egunetan egingo dituzte, goizez zein arratsaldez, eta instalazioak komunikazio bakoitzaren ondoren desinfektatuko dituzte. Derrigorrezkoa izango da maskarak eta eskularruak erabiltzea, eta arnasketa infekzioaren sintomak dituzten pertsonak ezin izango dira sartu.

Neurriak, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak oraingoz erabakitakoak, deseskaladaren lehen edo bigarren fasean dauden espetxeetan bakarrik aplikatuko dira. Aipatu beharra dago, lehen fasean egon arren, ezin dela probintzien artean bidaiatu, eta beraz, sakabanatuta dauden presoek ezin izango dutela bisitarik jaso.

Bisitez gain, pixkanaka ekingo zaie espetxe administrazioko profesionalek egiten dituzten hezkuntza, prestakuntza, terapia edo kultura jarduerei, segurtasun eta urruntze neurrien bidez. Jarduera horiek bertan behera geratu ziren osasun krisiarekin batera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!