Aita Moret kalea zabaltzeko udalaren "aldebakarreko" erabakiaren aurka egin du AZ Ekimeneko Mugikortasun taldeak

Euskalerria Irratia 2020ko api. 29a, 17:57

Erabakia salbuespen egoeran eta kaltetutako pertsonak kontutan hartu gabe hartu dela salatu dute. Mugikortsun taldeak pertsonak lehenetsiko dituen hiri eta Alde Zahar bat eskatu du.

AZ Ekimeneko Mugikortasun taldea ez dator bat Aita Moret kalean berriz trafikoa zabaltzeko Udal Gobernuak hartu duen erabakiarekin. Bizilagunen taldeak ohartarazi du udalak erabaki hori hartu duela Mugikortasun batzordetik pasa gabe, udal taldeekin eztabaidatu gabe eta Presidentzia Batzordearen aurkako iritziarekin. "Horrek esan nahi du Udal Gobernuak salbuespen egoera baliatu duela erabaki hori aldebakarrez hartzeko eta kaltetutako pertsonak, alde zaharreko bizilagunak, kontutan hartu gabe", adierazi dute ohar bidez.

"Aldebarkatasuna" orain are larriagoa da taldearen ustez, eremuko trafikoaren antolaketa eztabaidarako hizpide izan baita iraganean. "Gauzak horrela, egoerak iritzi ezberdinen arteko elkarrizketa eskatzen zuen, bizilagun guztientzako egokia izango zen adostasunezko irtenbidea aurkitu ahal izateko".

Bestalde, Mugikortasun taldeak uste du orain udalak ahalegin guztiak bideratu beharko lituzkeela, lehendabizi, osasun eta gizarte krisiari aurre egiteko eta ondoren, jarduera ekonomikoa martxan jartzeko. Hori dela eta, taldearen ustez, une honetan udal agendatik kanpo egon beharko luke Aita Moret kalean trafikoa berriz irekitzea. "Orain inoiz baino gehiago, beharrezkoa da Alde Zahar eta hiri bizigarriago baten alde urrtasak ematen jarraitzea, pertsonak eta zaintza erdigunean jarriz", azpimarratu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!