“Koronabirusaren ondorioz sortutako krisiarekin batera, nabarmen hazi dira gehiegizko baldintzetan eskainitako alokairuzko etxebizitzen iragarkiak, Idealista eta Fotocasa bezalako plataforma digitaletan”. Hori salatu du Bizitzeko Alde Zaharra plataformak. Talde horren hitzetan, orain arte turistentzako alokatzen ziren pisuak bizitzeko ohiko alokairu gisara eskaintzen hasi dira, “gehiegizko prezioetan, eta indarrean den alokairuaren araudia hausten duten baldintzetan”. Jakinarazi dutenez, oraingoz, halako 21 kasu antzeman dituzte Alde Zaharrean, eta beste 15 Zabalgunean. “Baina argi dago gehiago ere agertuko direla”, ohartarazi dute.
Plataformaren hitzetan, hainbat etxejabek, bere garaian, euren etxebitzekin espekulatzeko hautua hartu zuten hainbat, turistifikazioaren fenomenoa baliatuz, eta orain, etxebizitza horiek “neurrigabeko prezioetan” eskaintzen hasi dira. Antzeman dituzten kasuetan, zehazki, 650 eta 2800 euro arteko prezioetan eskaini dituzte logela bat eta sei artean dituzten etxebizitzak.
Baina prezioarena ez da gehiegikeria bakarra, taldeak adierazi duenez: antzeman dituzten eskaintzek etxebizitzarako irisgarritasun eskubidea urratzen dute, alokairuzko etxebizitza arautzen duen 7/2019 Erret Dekretu-Legea hautsiz. Izan ere, eskaintza horietako baldintzen artean daude, besteak beste, hilabete bat baino gehiagoko fidantzaren ordainketa, bi hilabete baino gehiagoko ordainketa berme gordailu gisara edota udan zein sanferminetan zehar etxebizitza utzi behar izatea. Hala, hauteman dituzten baldintzen artean honakoak daude: errenta altu frogagarriak dituzten pertsonak izatea, kontratu iraunkor eta diru sarrera frogagarriak edukitzea, 6 hilabete edo gehiagoko fidantzak ordaintzea, hilabete bat fidantza gisara, eta 6 hilabeteko errentari dagokiona berme gisara ematea, gutxienez hiru urteko kontratua sinatzea, edota maizterrak etxebizitza irailetik ekainera bitartean bakarrik erabili ahal izatea.
Bizitzeko Alde Zaharra plataformarentzat “premiazkoa” da egoera salatzea, bai eta “bizitzeko egokia” izango den auzo baten alde jokatzea ere. Horregatik, iragarkiak jasotzen dituzten plataformen aurrean salatu ditu aipatutako irregulartasunak. “Plataforma horiek, dena den, ez dute inolako neurririk hartu, eta haien erantzukizuna ukatu dute, “iragarleen eta interesatuen artean bitartekaritza lanik ezin” dutela egin edota “neurririk hartzeko nahikoa tresna eta eskumen ez” dutela argudiatuz, eta beraz, salatutako gehiegikerien konplize bilakatuz”.
Egoeraren aurrean, Bizitzeko Alde Zaharrak antzematen dituzten irregulartasunak salatzeko deia luzatu die auzokideei, dagokion autoritateetan zein era publikoan eman dezaten horien berri. Era berean, arau hauste horien jakinarazpena bizitzekoaldezaharra@gmail.com posta elektronikora ere bidaltzeko eskatu dute.