Iruñeko inauterietan Espainiako Poliziak izandako jarrera “kongruentzia-, egokitasun- eta proportzionaltasun-printzipioen araberakoa” izan zela iritzi dio Espainiako Gobernuak. Hala azaldu dio EH Bilduri Espainiako Kongresuan egindako galdera bati erantzunez. Diziplina espedienterik irekitzea baztertu du gobernuak.
Poliziaren oldarraldian 14 urte gazte bat zauritu zen. Bere kabuz erori zela defendatu du Madrilek erantzunean. Polizia etxera eraman zuten gaztea lehenik. Espainiako Gobernuaren arabera, polizien “aurkako jarrera” areagotzen ari zelako ez zuten ospitalera zuzenean eraman.