Sanferminak bertan behera uzten dituzten bosgarren aldia, XX. eta XXI. mendeetan

Euskalerria Irratia 2020ko apirilaren 22a

Veleta peñako kideak, 1931n harturiko irudian. Haiek asmatu zutenzuri gorriz janzteko ohitura. 1936ko altxamendu faxistaren ondotik, haietako asko hil zituzten.

Egungo iruindarren memoria kolektiboan oso presente dago nola eta zergatik utzi zituzten bertan behera 1978ko sanferminak: Espainiako Polizia Armatua indarka sartu zen zezen plazan, han zirenen aurka oldartu zen, eta jarraian izandako liskarretan tiroz hil zuen German Rodriguez gaztea, urte hartako  uztailaren 8an. Festak bertan behera utzi zituzten, baina irailean, Aldapako Sanfermin Txikietan, indar are handiagoz itzuli ziren: bizi izan zituzten askok diote inoizko sanferminik ederrenak izan zirela.

Nolanahi ere, sanferminak bertan behera uzteari dagokionez, badira aurrekari gertuagokoak: 1997koak. Uztailaren 12an, ETAk Miguel Angel Blanco PPko zinegotzi ermuar gaztea hilzorian utzi zuen, eta 13an hil egin zen. Hainbat liskar izan ziren Alde Zaharreko karriketan. Eta, ondorioz, uztailaren 12ko arratsaldean festak bertan behera utzi zituzten.

Beste aurrekari bat topatzeko, askoz atzerago egin behar dugu, 36ko gerrara arte: 1937an eta 1938n ez zen festarik izan foru hiriburuan. Ez zen giro.

Gripe espainiarrak ez zituen festak eten

Horraino, XX. eta XXI. mendeetan sanferminak bertan behera utzi dituzten bost aldiak. Nolanahi ere, XIX. mendean, maizago gertatu zen. 1872tik 1875era, hirugarren gerra karlistaren kontura. 1834tik 1838ra, lehen gerra karlistaren karietara. 1821etik 1823ra, hirurteko liberaleko liskarrak zirela kausa. 1808an eta 1814an frantziar  okupazioaren poderioz. Datu deigarri bat: 1918an, gripe espainiarraren epidemiak ez zituen festak eten. Udaberrian, 15 hildako eragin zituen, eta udan sanferminak normaltasunez ospatu zituzten. Alta, udazkenean gaixotasuna berragertu zen, eta 243 hildako eragin zituen euskaldunon hiri buruzagian. 3.000 inguru Nafarroa osoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!