Jesus eta Maria aterpetxea etxerik gabeko pertsonak hartzeko zentro gisa ireki dute

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 25a, 10:46
Jesus eta Maria aterpetxea, Iruñean. (Argazkia: Iruñeko Udala)

Iruñeko Udalak abian jarri du berrogei lagunentzako tokia duen baliabide hori, herritar "zaurgarrienei" arreta emateko.

Iruñeko Udalak Jesus eta Maria aterpetxea zabaldu du, Compañia kalean, etxerik gabekoei aterpea emateko. Aterpetxe hori turistek edo Donejakue Bidea egiten duten erromesek erabili ohi dute. Gaurtik aurrera, eta aldi baterako, aterpetxeak kalean bizi eta gaua gune publikoetan igaro ohi duen jendea hartuko du. Udalak ohar bidez azaldu duenez, pertsona horiek, haiek hala erabakita, ez dute erabiltzen Etxerik gabeko Pertsonak artatzeko Udal Zentroa. “Une honetan, baina, toki batean aterpe hartuta egon behar dute, kalean noraezean ibiltzeko mugak eta birusa zabaltzearen kontrako neurriak betetzeko”.

Baliabide horrek pertsona horien gizarte eta hezkuntza laguntza bermatuko duela dio udalak, 24 orduz asteko zazpi egunetan, alarma-egoerak edo kalean ibiltzeko mugek dirauten bitartean. Aterpetxeak, batez beste, berrogei pertsona har ditzake, eta kopuru hori handitu daiteke beharrek hala eskatzen badute. Zentroa, Trinitarioskoa bezala, Xilema gizarte entitateak kudeatzen du. Egun, Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroa guztiz beteta dago, eta ezin du jende gehiago hartu.

Hamabi profesional

Iruñeko Udalak hamabi profesionalez osatutako gizarte eta hezkuntzako lantalde bat kontratatu du, goiz, arratsalde, gau eta asteburuetako txanda guztiak bete, pertsona horien artaz arduratu eta elkarbizitzak eragin ditzakeen gorabeherak kontrolatzeko. 

Zentroa ireki ahal izateko, udalak zenbait material erosi behar izan du aterpetxea egoki erabiltzeko, bai eta administrazio-izapideak egin eta langileei dagokien kudeaketa abiatu ere.

Zentro berria etxebizitza-baliabide gisara bideratu da, eta barne hartzen ditu gosaria, bazkaria eta afaria. Catering-a Xilemak eta ‘Mama nos da de comer’ enpresek zerbitzatuko dute, eta gizarteratze zentroek kudeatuko dute ohe jantzien garbiketa. Aterpetxea garbitzeko zerbitzua udal langileek emango dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!