Estalki bat jarri dute Hegoalde ikastolako jolastokiko frontoian

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 10a, 19:17

Iruñeko Udalak 322.600 euro inbertitu ditu, eta lanek hiru hilabete iraun dute.

Herritarren Aferen Batzordeak Hegoalde Ikastola bisitatu du gaur eguerdian, bertan egin baitituzte patioko frontoiaren estalkia eta sarrerako markesina paratzeko lanak. Topaketan, María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotziak azaldu du Iruñeko Udalak 322.600 euro inbertitu dituela Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorrak koordinatu dituen lanetan. Fermín Alonso Alorreko zinegotzi ordezkariak eta udal-teknikariek azaldu dituzte proiektuaren xehetasunak. Esleipena egiteko espedientean jasota zegoen gehieneko aurrekontua 359.951 euro zen; hortaz, % 10eko beherapena egon da.

Hegoalde Ikastola Milagrosa auzoan (Sebastián Albero k., 2) dago, Ilargi Enea parkearen ondoan. Ikastetxera Sebastián Albero kaletik sartzen da Ikastolako patioan zehar, eta horren hego-ekialdeko ertzean dago frontoia. Barrutiaren azalera 11.566,14 m²-koa da. Eraikinak oinplanoaren 3.759,00 m² (guztizkoaren % 32,5) okupatzen ditu. Frontoiaren azalera 536,50 m² ingurukoa da.

Frontoia: 37 metro luze eta 14,5 metro, zabal

Frontoiaren estalkia 37 metro luze da, eta 14,5 metro zabal. Markesinak, bestalde, luzera hori bera du, baina zabalera 3 metrokoa da. Hori horrela, egindako proiektuak 647,50 m² hartu ditu, egungo patioaren hamarren bat. Estalkia bi pieza ezberdinez egin da. Parte nagusia hamahiru metroko altuera duten sei arkupek –elkarrengandik 7,40 metroz bereizita– osatzen dute. Bermea dute, batetik, frontoiaren pistaren mugan eta ezker horman, bestetik. Lanak 2019ko abenduan hasi ziren, eta 2020ko martxoan amaitu.

Hegoalden bi hezkuntza-etapa daude, Haur eta Lehen Hezkuntzak, 3 eta 12 urte bitarteko haurrekin, eta maila bakoitzean bi talde daude. Ikasleak, gutxi gorabehera, 500 dira ikasturte bakoitzean. Ikastola 1977/1978ko ikasturtean abiatu zen, gurasoek, irakasleek eta herri-erakundeek Udal Ikastola sortu zutenean. 2003ko irailaz geroztik, ikastetxea Nafarroako Gobernuaren pean dago.

Egungo eraikina 80ko urteetako hasieran eraiki zuten. 2009. urtean, Arrosadia auzo berriaren zabalkundearekin batera, lurzatiaren egitura aldatu zen patioa goitik behera itxuraldatuta; izan ere, erabilera askotako gune batzuk sortu ziren kirol-eremuari nagusitasuna gutxiagotu eta ikasleen artean bestelako harremanak bideratzea sustatzeko. Itxuraldaketa horretan, patioa bi kirol-eremu ezberdinez bereizi zen. Batetik, areto-futboleko pista, eskubaloikoa eta minibasketeko bi pista, eta, bestetik, frontoia. Udal-proiektu berriak, hain zuzen, azken horren gainean jardun du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!