Maiaren euskararen ordenantza onartu dute, Navarra Sumaren eta PSNren botoekin

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 5a, 17:57

  • "Berdintasuna" bermatuko duen ordenantza dela defendatu du Navarra Sumak. EH Bildu eta Geroa Baik, ordez, "euskarafobotzat" jo dute. 
  • 1997ko euskararen ordenantza ia osorik berreskuratu du koalizio eskuindarrak.

Udalaren eta bere sektore publiko instituzionalaren eremuan euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen ordenantza behin betiko onartu du udalak, Navarra Suma eta PSN taldeen aldeko botoekin. 2019ko euskararen ordenantzak "herritar gehienak diskrimintzen" zituela iritzi dio PSNk, eta horregaik bozkatu du alde. EH Bilduk eta Geroa Baik aurka bozkatu dute. 

Udalaren esanetan, dagoeneko onartuta dagoen ordenantza berriak "1997ko araua berreskuratzen du, indarrean dagoen legeriara egokituz eta haren edukia Iruñeak eremu mistoan duen kokapenera arautuz". 

Lan deialdi publikoetan euskara eskakizunak ezartzeko garaian, "lanpostuak lortzeko berdintasun printzipioa" lehenetsiko duela adierazi du Navarra Sumak Iruñeko Udaleko osoko bilkuran.

Lantalde organikoaren proposamenaren bozketan abstentziora jo du PSNk. Baina Navarra Sumaren aldeko botoekin, hori ere onartu du udalak. Euskararekin harremana duten lanpostuetan euskara profila mantentzearen alde azaldu dira sozialistak, baina euskara "arma" ez bihurtzearekin ados dira eskuin koalizioarekin. Kultura saileko lanpostuetan euskara aintzat ez hartzea "negargarritzat" jo du Geroa Baik. Proposamena "euskarafoboa" dela salatu du EH Bilduk.

Aldaketa bakarra sufritu du ordenantzak bilkuran. Berdinasunaren eremuan, ordenantzan erabiltzen den hizkera aintzat hartzeko zuzenketa bat onartu dute, zioen azalpenean euskara "Iruñeko bi hizkuntza propioetako bat" dela zioen erreferentzia bat gehitzeko. EH Bildu, PSN eta Geroa Bairen aldeko 14 botorekin onartu da.

Ordenantza berria

Navarra Sumak adierazi duenez, udal aginte taldeak onartutako dokumentuak "ez du elebitasun osoa inposatzen administrazioen arteko harremanetan, baizik eta hartzailearen borondatearen menpe jartzen du hizkuntza baten edo bestearen erabilera".

  • Lantaldea: "Udalari euskaraz hitz egiteko eta hizkuntza berean erantzuteko eskubidea bermatzen du, baina hizkuntza menperatzen dutenei mugatutako lanpostu ugari sortu gabe". Lan-arloan, "hautazkoa da lanpostuak betetzean euskara baloratzea, indarrean dagoen arauan ez bezala. Horretarako, nahitaezkoa da euskararen ezagutza behar duten lanpostuak daudela aurreikustea, baina ez orokorrean". Zehazki, balorazioa "erkidegoko edozein hizkuntza jakiteari ematen zaiona baino %25 handiagoa izan ahalko da, betiere lanpostuaren ezaugarrien arabera justifikatzen bada". Horretarako, plantilla organikoak zehaztuko du zein lanpostutan behar den euskararen ezagutza, eta kasu bakoitzean zehaztuko du zeregin hori betetzeko behar den hizkuntzaren ezagutza-maila.
  • Hizkuntz paisaia: "Elebitasuna modu orekatuan arautzen du udal-irudian, informazioaren helmugen arabera bereiziz, eta ez modu indiskriminatuan, indarrean dagoen arauak egiten duen bezala".
  • Publizitate instituzionala: Euskararen presentzia "guztizkoaren %25era arte" murriztu nahi dute, eta egungo arauaren "% 100eko derrigorrezko presentzia saihesten da".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!