LAB sindikatuak Lan munduan ere sexualitate askatzaileak iruten izeneko dinamika jarri du martxan lan munduan LGTBIQ+ pertsonen eskubideak betetzen ote diren ezagutzeko. Lehen urrats gisa, inkesta bat egin dute, lantokietako erradiografia bat egiteko.
Arlo publiko zein pribatuko hainbat sektoretako langileak gonbidatu dituzte inkesta betetzera. Oro har, langile gutxik erantzun dute; sindikatuko LGTBIQ+ lantaldearen ustez, horrek erakuts dezake jendeak ez duela ikusten gaiak lan munduarekin duen lotura. Edonola ere, erantzunek informazio aberasgarria eman dietela ziurtatu dute.
“Emaitzek erakutsi dute lan esparruan diskriminazioa nabaria dela, enpresetako goi karguetan ez dagoela aniztasunik”, adierazi du sindikatuko Elena Llanesek. “Era berean, gehiengo zabal batek ez ditu ezagutzen diskriminazioari aurre egiteko enpresak dituen mekanismoak, nahiz eta garrantzitsua den enpresek diskriminazioaren kontrako planak aurrera eramatea eta gai hau lan munduan lantzea”.
Hortaz, ondorioztatu dute, Nafarroa legegintza arloan aitzindari den arren, legea errealitate bihurtzetik urrun dagoela; gobernua, administrazioa eta enpresak ez direla apusturik egiten ari langile guztien eskubideak bermatzeko, eta diskriminazioari aurre egiteko eragile sozialen -kasu honetan sindikatuen- presioa eta ekarpena ezinbestekoa dela.
Hori dela eta, aurrera begira bete beharreko urrats batzuk zehaztu dituzte. Horien artean daude erasoak ekiditeko protokoloak ezartzea, berdintasun planak bermatzea eta enpresetan politika aktiboak bultzatzea. Halaber, Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne sailari nahiz Berdintasun Institutuari erantzukizun handiagoa eskatu diete.
Horiek dira inkestatik atera dituzten ondorio nagusiak; orain hurrengo urratsak egiten hasiko dira, eta lehentasunetako bat protokoloa egitea izango dela zehaztu dute.