Ekomerkatua egingo dute hilero autobus geltoki zaharrean

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 27a, 13:36
Natalia Bellostas, Ana Elizalde, Fernando Santafé eta Edorta Lezaun, ekomerkatuaren aurkezpenean. Irudia: Geltoki

Proiektua NNPEK Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak jarri du abian, Intiarekin elkarlanean. Hil bakoitzeko lehen larunbatean egingo dute.

Autobus geltoki zaharreko nasetan egingo dute hilabetero Iruñeko Ekomerkatua. Bertan, nafar ekoizleek euren produktu ekologikoak jarriko dituzte kontsumitzaileen eskura, eta haiekin aurrez aurreko kontaktua izateko aukera ere izango dute. Lehenengo hitzordua martxoaren 7an izango da.

Proiektua NNPEK Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak jarri du abian, Intiarekin elkarlanean, eta Europako finantzazioa izan du, Nafarroako Gobernuaren bitartez.

Nafar ekoizleek kontsumitzaileekin topaguneak sortzeko eta hauek kontzientziatzeko beharrarengatik erabaki zuten egitasmoa martxan jartzea, eta, hain zuzen, hori da helburu nagusia: ekoizleen produktuak bitartekaririk gabe kontsumitzailearengana iristea eta saltzaile eta eroslearen artean hartu-eman bat egotea.

Modu horretan nekazaritza ekologikoaren eta landa eremuaren garrantziari buruzko sentsibilizazio gune bihurtu nahi dute Ekomerkatua, bidezko prezioak ezarriz ekoizleentzat zein kontsumitzaileentzat. Nekazaritza ekologikoa gaur egungo gizartearen erronkei aurre egiteko tresna baliagarria izan daitekeela ere uste dute: aldaketa klimatikoa, despopulazioa, elikadura burujabetza…

Oraingoz berrogei ekoizle inguruk erakutsi dute proiektuarekiko interesa, eta lehen merkatuan hogei salmahai inguru egongo dira, baina kopurua handituz joango da. Merkatuaz gain, beste jarduera batzuk ere egongo dira. Ekomerkatuaren aurreko ostegunetan Ekotopaketa bat egingo dute Geltokin, sukaldaritzako klase magistral bat, Nafarroako sukaldariekin, eta lehenengoa martxoaren 5ean egingo dute. Horrez gain, merkatuan egindako erosketa bizikletan modu jasangarrian banatzeko zerbitzua ere eskainiko dute.

Proiektu pilotu bat da, eta urtea amaitu arte iraungo du, baina antolatzaileek argi dute helburua dela ondoren ere aurrera jarrai dezala, Nafarroako ekoizpen ekologikoa bultzatzen jarraitzeko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!