Presoen oinarrizko eskubideak aldarrikatzeko elkarretaratzea eginen du gaur Salhaketak

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 14a, 14:09

Presoak Borrokan kolektiboaren txandakako gose grebaren ekimenari elkartasuna adieraziko dio elkarteak, Merindadeen Plazan, 19:00etan.

2019ko irailetik Presoak Borrokan kolektiboa txandakako gose grebak egiten ari da Espainiako hainbat espetxetan, presoen bizi-baldintzetan oinarrizko 14 eskubide bete daitezen eskatzeko. Dinamikarekin bat egin du Salhaketa elkarteak, eta elkarretaratzera deitu ditu herritarrak. Merindadeen Plazan eginen dute, gaur, 19:00etan.

"Elkartasuna adierazi nahi diogu espetxeratutako pertsonen duintasunaren eta eskubide oinarrizkoenen aldeko borrokari. Baina, horrez gain, salatu nahi dugu espetxeetan gaur egun ematen diren baldintzak erabat jasanezinak direla", jakinarazi du Salhaketa Nafarroak. Greba kanpaina honek gaixo larri eta kroniko dauden presoak espetxetik ateratzea ere eskatzen du.

Elkarteak adierazi duenez, 2019an, "gutxienez" 177 pertsona hil dira Espainiako Estatuko kartzeletan. 2020ean, 22 pertsona hil dira espetxean. Iruñeko espetxean mediku falta ere salatu dute: "300 preso baino gehiagok 10 egun baino gehiago daramatzate medikurik gabe. Lau hilabete baino gehiago mediku bakarrarekin".

Kartzelen egoeraren eta Presoak Brorrokan kolektiboari buruz gehiago jakiteko, CNTren lokalean (Hilarión Eslava kalea 11)  larunbatean, 12:00etan egingo den hitzaldira joateko gonbitea egin dute.

Presoen oinarrizko 14 eskubideak:

  1. Torturaren amaiera.
  2. FIES ixtea eta isolamendua amaitzea.
  3. Sakabanaketaren amaiera.
  4. Espetxeetako zerbitzu mediko independenteak.
  5. Gaixo dauden presoak espetxetik ateratzea.
  6. Gaixotasun mentala duten pertsonak, espetxetik kanpo.
  7. Medikazioa, espetxeen mende ez dauden profesionalek lagunduta
  8. "Demokrazia" hasi zenetik espetxean izandako heriotzengatik ikerketa eta erantzukizunak.
  9. "Berreskuraezintzat" jotzen diren presoentzat ere eskuragarri dauden tratamendua, programak eta baliabideak.
  10. Presoen eta familien miaketen eta x izpien amaiera. Komunikazio gehiago eta hobeak.
  11. Elkartasunaren kriminalizatzearen amaiera.
  12. Ez biziarteko espetxealdirik, ez berrikustekorik, ez estalirik.
  13. Errespetu-moduluen xantaiari ez
  14. Defentsa-gabezia juridikoaren amaiera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!