Udalak Ingurumen Hezkuntzako eskola-kanpainaren bisita gidatu gehiago eskainiko ditu

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 13a, 14:31

Bisita gidatuak astearteetan eta ostiraletan ere eginen dira, eta izena eman daiteke museoeducacionambiental@pamplona.es helbidean edo 948149804 eta 948420984 telefonoetara deituta.

Iruñeko Udalak Ingurumen Hezkuntzako eskola-kanpainaren bisita gidatu gehiago eskainiko ditu, bai eta Maleta ibiltariak izeneko baliabide gehiago ere ikastetxeen eskura jarriko ingurumen-gaiak landu ditzaten. Orain arte, asteazken eta ostegunetan bakarrik egiten ziren bisitak, eta eskaintza berrian, astearte eta ostiraletan ere eginen dira, goizez. Jarduera gidatuok Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko ikasleei zuzenduta daude. Gainera, berariazko proposamena dago, dibertsitate funtzionaleko taldeei zuzendua.

Hiru urrats dituen prozesu gisara prestatu dira. Ardatza museoko bisita gidatua bada ere, ikasgelan ere lan batzuk egin behar dira aurretik zein ondoren, museoan jorratutakoan sakontzeko eta aberasteko. Informazio osoa http://educacionambiental.pamplona.es/comunidad-educativa/programa-actividades-guiadas/ udal-webgunaren estekan kontsultatu daiteke. Jarduera doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da. Gaztelaniaz zein euskaraz egiteko aukera dago. Erreserbak museoeducacionambiental@pamplona.es posta-helbidera idatziz egin daitezke, edo 948149804 edo 948420984 telefonora deituz.

Maleta ibiltari berria, ibai-ekosistema baten egoera aztertzeko

Maleta ibiltariak baliabide-sortak dira (neurgailuak, curriculuma aplikatzeko fitxak, etab.), gai zehatz bati buruzkoak eta hezkuntza-etapa bakoitzerako egokituak. Maileguan lagatzen dira, eta ikasgelan erabiltzeko gidak eta jarraibideak dituzte osagai. Lehen Hezkuntzan, kutsadura akustikoa, energia eta, lehen aldiz ikasturte honetan, eskola-baratzea dira lantzen ahal diren gaiak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Motxila klimatikoen bidez hurbilduko zaizkie ikasleei klima-aldaketari eta energiari loturiko gaiak. Proposamen horiei Ur-maleta gehitu zaie berriki, bai Lehen Hezkuntzan bai Bigarrenean, eta horrek bidea ematen du ikasleekin batera aztertzeko zein den ibai-ekosistema baten egoera (uren kalitatea, guneko biodibertsitatea edo gizakien eragina). Maleta guztiak ikusgai daude http://educacionambiental.pamplona.es/comunidad-educativa/materiales-viajeros/ webgunean.

Hala jarduera gidatuak nola maleta ibiltariak Iruñeko Udalak 2019/20 ikasturterako bultzatutako Ingurumen Hezkuntzako eskola-kanpainan txertatzen dira, non 25 jarduera eta baliabide eskaintzen baitira hezkuntza-etapa guztietan, Haur Hezkuntzatik hasi eta Unibertsitateraino. Badira beste proposamen batzuk ere, hala nola zinema eta ingurumeneko Ekozine jaialdi nazioartekoa eta Museoa zureganatu izenekoa, non aukera ematen baitzaie ikastetxeei museoaz baliatzeko ingurumen-lanak bertan erakuste aldera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!