Atzo eguerdian, Voxen 50 bat jarraitzailek, Espainiako banderak eta PSOEren eta Pedro Sanchez Espainiako presidentearen aurkako kartelak zeramatzatela, elkarretaratzea egin dute Iruñeko udaletxearen aurrean, “Konstituzioa eta subiranotasuna errespetatuko dituen gobernu baten alde” lelopean. Ekitaldi horretan, goretsi egin dituzte Espainia, Guardia Zibila, Espainiako Polizia Nazionala eta Espainiako Armada, eta askatasunaren eta Konstituzioaren alde ere oihu egin dute.
España Existe lelopean, molde bereko elkarretaratzeak egin dituzte Hego EUskal Herriko beste hiru hiriburuetan, baita Espainiako hainbat hiriburutan ere. Iruñeko protestan, Javier Hornos Nafarroako Vox alderdiko presidenteak eta Mila Eraso azken hauteskundeetako zerrendaburuak Pedro Sanchezen politiken aurkako manifestua irakurri dute.
Ehun bat antifaxistek, berriz, elkarretaratzea egin dute 11: 45ean Nabarreria plazan. Handik Santo Domingo zein Mercaderes karriketan zehar, Udaletxe plazara iristen saiatu dira, baina Espainiako Poliziaren istiluen aurkako agenteek galarazi egin diete.
Antifaxistek "kuneteroak" eta "hiltzaileak" oihukatu diete Vox taldeko kideei. "Iruñea faxismoaren hilobia izango da" izan da antifaxistek oihukatu duten beste kontsignetako bat.
Eskuin muturreko alderdiaren jarraitzaileek, berriz, "Pistolarik gabe ez zarete ezer", aurpegiratu diete gazteei, eta haiek "Bizkartzainik gabe ez zarete ezer" oihukatuz erantzun diete.
Ordu erdi geroago, España Existe deialdiko parte hartzaileek amaitutzat eman dute elkarretaratzea, eta Udaletxe plazatik alde egin dute. Antifaxistek ere bai, baina haien kasuan Poliziak jarraituta. Gazteluko Plazan polizia gazteen aurka oldartu da, eta gutxienez pertsona bat identifikatu dute.