Navarra Sumak betran behera utzi zuen Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek azaroaren 29an Baluarten egitekoa zuten emanaldia. Azaroaren 22an, emanaldia eteteko espedienteari buruzko informazioa eskatu zion EH Bilduko udal taldeak Maria Garcia Barberena kultur zinegotziari. Navarra Sumako hautetsiak informazio hori emateari uko egin zion, espedientea amaitu gabe zegoela argudiaturik. Hori horrela, EH Bilduk erabaki horri buruzko txostena eskatu zion udal idazkariari. Diario de Noticias egunkariak gaur plazaraturiko informazioaren arabera, txosten horretan idazkariak dio taldeek ezein espedienteri buruz eskaturiko informazioa eman behar duela udal gobernuak, espediente hori amaitu gabe egonagatik ere, betiere udal arautegiak dioenaren arabera.