Aurten ere, auzokideek manifestazioa egin dute Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan, duela 16 urte urruntze politikaren ondorioz hildako Sara Fernandez gogoan. Bideoan jaso du Ahotsa.info atariak protesta.
Aldapa kalean egindako ekitaldi xume baina hunkigarri batekin amaitu zen mobilizazioa, Fernandezen omenez plaka bat dagoen lekuan. Presoen senideak eta gertukoak zigortzen dituen praktika horren ondorioz hil diren 16 pertsonen oroimena ere ez zen falta izan.
Era berean, joan den larunbatean Gernika-Lumon egindako ekitaldia aipatu zuten, non "urrats garrantzitsua" eman zen biktima horien guztien aitortzari begira eta urruntze eta sakabanaketa politikaren "azken puntua" aldarrikatzeari begira.