Aurrekoetan egin bezala, pozez eta irudimenez erantzun diote Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailzoek eta Iñigo Santxo abokatuak Enrique Maia alkatearen debekuari. Kontratua indarrean dagoela azaldu dute, eta haiek Iruñean izango direla, oztopo ororen gainetik. Bihar Baluarten egitekoak ziren ikuskizuna eskaintzeko prest agertu dira, eta gauerdira arteko epea eman diote Enrike Maiari erantzun bat emateko. Bestela, emanaldia eskaintzeko beste bide bat bilatuko dutela ziurtatu dute, eta bihartik aurrera emango dutela horren berri.
Ekainean Iruñeko Udalarekin sinatu zuten kontratu artistikoak funtsezkoak diren ezaugarri “guztiak” dituela azaldu du Iñigo Santxo abokatuak, eta hortaz, legezkoa dela eta indarrean dagoela; bizirik. Nafarroako Kontseiluaren atzoko irizpenak ere hori berresten duela aipatu du Santxok, eta irizpena loteslea dela nabarmendu du, hura eskatuta, men egin behar baitzaio. Ohartarazpen bat egin dio Iruñeko Udalari: “prebarikazioaren marratik gertu” dabilela.
Alkateak duen arazoa “ezjakintasuna” dela esan du abokatuak: ez dituela Pirritx, Porrotx eta Marimotots ezagutzen, ikuskizun batera joateko gonbidapena eginda ere, ez zuelako joan nahi izan.
Gauzak horrela, beto ororen gainetik emanaldia egingo dutela berretsi dute Irrien lagunek, baina gaur gaueko hamabietara arte itxarongo dute, eta alkatearen erantzun baten zain geratuko dira. Erantzunik jaso ezean, bihartik aurrera jakinaraziko dute zein bidetik eskainiko duten Bizi dantza ikuskizuna.