Katxiporretarekin duen kontratua eten du Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 27a, 19:51

Espedientea izapidetzean "irregulartasunak" egin direla adierazi du beste behin Enrique Maiaren udalak, eta prozedura bide judizialetik ebaztearen alde agertu da.

Entzungor egin die Iruñeko Udalak Nafarroako Kontseiluak esandakoei. Pirritx eta Porrotx eta Marimotots pailazoen 'Bizi Dantza' ikuskizuna egiteko Katxiporreta kooperatibarekin duen kontratua bertan behera uztea erabaki du, kontseiluak gaiaren inguruko ebazpena ezagutu eta ordu gutxira. Prozedura bide judizialetik ebatzi nahi du Enrique Maiaren udal gobernuak. 

Udalak ohar bidez argudiatu duenez, Nafarroako Kontseiluak "irregulartasun nabarmenak" antzeman ditu kontratuaren izapidetzean, "eta horrek deuseztagarritasuna ekar dezake". Udalaren ustez, Maider Beloki orduko Kultura zinegotziak ekainaren 12an egindako kontratazioa "erabaki diskrezional politiko" bat izan zen.

Arrazoi ideologikoak argudiatuta, pailazoen aurka egin du berriro udalak: "Hainbat ekitaldi publikotan pailazoek adierazi dituzten jarrera ideologikoak Udal Haurtzaro Planaren, Nafarroako Gobernuaren Planaren eta Haurren Eskubideen Konbentzioaren aurkakoak dira".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!