Udal taldeei bilerak eskatu dizkie Hipotekek Kaltetutakoen Plataformak

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 12a, 11:45
Etxegabetzeen aurkako elkarretaratze bat (artxiboko irudia)

Hipotekek Kaltetutakoen Plataformak (HKP) idatzi bat eman die udaleko talde guztiei, hainbat eskarirekin, eta, halaber, horiek aztertzeko bilera eskatu die.

Idatzian, "neurriak hartzeko beharra" aipatzen da eta zenbait sektorek bizi duten “larrialdi egoera”. Adibideak ere eskaintzen dituzte: “Dagoneko iragarrita dauden zazpi etxegabetze”,  eta "logeletan bizi diren edo etxegabetzeen biktima diren seme-alabadun guraso bakarreko familien larrialdi egoera”.

Beste proposamen batzuen artean, HKPk honako hau planteatzen du: "Premiaz azter dadila Sarasate pasealekuko 6. zenbakiko udal-pisu handia, 2013tik erabiltzen ez dena, egoitza bezala erabil dadin guraso bakarreko seme-alabadun familiak hartzeko".

Bizitegi-larrialdietarako etxebizitzen udal-ordenantza aldatzea ere eskatzen du, etxebizitza bat eskatzen duten guraso bakarreko bi familiak etxebizitza hori seme-alabekin partekatu ahal izateko figura bat sortzeko.

Bestalde, hutsik dauden udal etxebizitza guztiak birgaitzea eta bizitegi-larrialdietara bideratzea eskatzen du, eta etxegabetzeei aurre egiteko protokolo bat abian jartzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!