LGTBI kolektiboaren aurkako erasoei erantzuteko Iruñeko Udalaren protokoloari buruzko jardunaldia

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 11a, 13:46
2018ko ekainaren 28ko manifestazioa, Iruñean (Argazkia: Ekinklik).

'Herritarrak eta LGTBIfobiaren prebentzioa 'jardunaldia eginen dute bihar,hilak 12, Udalak eta NUPek antolaturik. LGTBIfobia prebenitzeko tailerraren lehen saioa ere egingo dute.

Jardunaldia NUPeko 018 gelan izango da, eta Maria Garcia-Barberena Kultura eta Berdintasun zinegotzi delegatuak eta Lucia Martínez Virto NUPeko Gizarte Ekintza eta Berdintasun Unitateko zuzendariak inauguratuko dute. 09: 30ean hasiko da eta 14: 30era arte iraungo du.

Gizarte Berdintasunerako 8/2017 Foru Legearen barruan, administrazio publikoek LGTBI+ pertsonen benetako berdintasun eraginkorra eta eskubideak erabat bermatzeko hartutako konpromisoen barruan sartzen da jardunaldi hau egitea.

Lege horren arabera, administrazioek eskubide horiek bermatu behar dituzte, sexu-orientazioagatiko diskriminazio oro prebenituz, zuzenduz eta ezabatuz, eta sexu-orientazioari buruzko ekintza positiboak babestuz.

Jardunaldiaren barruan, mahaingurua egingo dute, Identitate indibidualak, erantzun kolektiboak izenburupean. Bertan, NUPeko Ortzadar elkarteak eta Iruñeko Udaleko sexu- eta genero-aniztasunari arreta emateko Harrotu udal-zerbitzuak parte hartuko dute.

Gainera, udalak hitzordu hau baliatuko du LGTBI+ pertsonen aurkako erasoen aurrean koordinatzeko eta erantzuteko udal-protokoloa ezagutarazteko. Tresna hori hiriko LGTBI+ mugimenduko kolektiboen eta Udaleko hainbat arloren arteko elkarlanaren emaitza da.

Protokolo hau sexu eta genero aniztasuneko politika publikoen garapenaren parte da, Kultura eta Berdintasuna arloa buru dela, eta sexu-orientazioagatik indarkeria-egoerei aurre egiten dieten pertsonei babesa eta laguntza integrala ematea du helburu.

Protokoloak eragile sozial eta instituzionalen arteko egitura operatiboa ezartzen du, indarkeria LGTBIfobikoen ekintza edo emaitzei buruzko informazio guztia koordinatzeko: salaketa formalak eta informalak, indarkeria-egoeren berri ematea, diskriminazioak, erasoak, abusuak, sinboloen aurkako erasoak, eta abar.

Horrela, informazio osoa eduki ahal izango da, LGTBIfobia eta haren adierazpenak hirian kudeatu ahal izateko, eta gerta daitezkeen aurrerapenak ebaluatzeko.

Jardunaldiaren barruan, Linking Ideas aholkularitzako Pilar Kaltzadak aurkeztuko du protokoloa. Erakunde hori arduratuko da dokumentuaren prestaketa koordinatzeaz.

Jardunaldi horietan, 12: 00etan hasiko da LGTBIfobiei aurrea hartzeko tailerra, eta beste bi saio egingo dira, azaroaren 18an eta 20an, ordu berean.

Amets Jordan Arrieta pedagogo, ikertzaile eta generoan adituak emango du tailerra, eta gazteei zuzenduta dago. Aniztasun afektibo-sexuala eta genero-aniztasuna ulertzeko dugun moduari buruz hausnartu nahi du, eta, aldi berean, aniztasun horren gaineko begirada zabalduko du.

Nerabeen eta gazteen esperientzietara eta testuingurura hurbilduz, gure harreman eta bizipen afektibo sexualak aniztasunetik hobetzeko proposamenak eztabaidatu eta partekatuko dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!